Euskal kutxek ez dute derrigorrez banku bihurtu beharko

Ekonomia Ministerioak eskatuko dizkien kapital betebeharrak gainditzeko moduan egongo dira guztiak

Ivan Santamaria.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Lasaitasunez hartu dute Hego Euskal Herriko aurrezki kutxek kapital betebeharrak gogortzeko asmoarekin Espainiako Gobernuak egin duen iragarpena. Aldaketari erantzuteko honezkero kaudimen nahikoa badute, eta estu egon daitezkeenak — CAN Nafarroako Kutxaren Banca Civica— irailerako baldintzak betetzeko moduan egotea espero dute. Ezarri zaien muga gainditzeko laguntza publikorik eskatzen ez badute, ez dute halabeharrez kutxa izateari utzi eta banku bihurtu behar izango.

Finantza erakundeek oinarrizko kapitalaren ratioa — core capital delakoa— %6tik %8ra igo beharko dute iraila baino lehen. Ratio horrek erakundeen baliabide propioak eta arriskuak harremanean jartzen ditu, zenbat eta handiagoa izan, hobeto. Gainera, aurrezki kutxentzat ehuneko hori handiagoa izateko atea irekita utzi du Ekonomia Ministerioak. Dekretua argitaratzen duenean jakinaraziko du zenbateko ratioa bete beharko duten. Kapital eskaera betetzen ez duten erakundeetan akzioak erosi eta dirua sartuko du gobernuak, baina horretarako izaera juridikoa aldatu eta banku bihurtu beharko dute ezinbestean.

BBK, Kutxa eta Vital Kutxa kaudimen handiena izan ohi duten finantza erakundeen artean egon dira beti. Edonola ere, euren egoerari buruz egon zitekeen edozein zalantza uxatzeko asmoz, eskakizunak aise gaindituko dituztela nabarmendu zuten atzo Gipuzkoa Donostia Kutxak eta Arabako Vital Kutxak.

Kutxari dagokionez, gaur egun duen oinarrizko kapitalaren ratioa %12,3koa da, ezarritako muga baino %50 gehiago. Fitch rating agentziari ebaluazioa eskatu dio Kutxak, eta, horren arabera, kaudimen handiena duen aurrezki kutxa litzateke. Gipuzkoako finantza erakundeak dituen arrisku guztietatik %20k dute zerikusia higiezinekin.

Vital Kutxaren egoera ezezagunagoa zen. Carlos Zapaterok gidatzen duen erakundeak ongi gainditu zituen Europak egindako estres testak, baina ordudanik bere kaudimenari buruzko daturik ez zuen eguneratu. Atzo, 2010. urteko itxieran core capital ratioa %12 inguru izango dela jakinarazi zuen Vitalek. 2009. urteko itxiera (%10,61) baino hobea da.

BBK-Vital, bidea zabalik

BBK Bilbao Bizkaia Kutxaren egoera zerbait aldatu du CajaSur erosi izanak. Hala ere, urte hasieran egoera berrikusi zioten Moody's eta Fitch agentziek. CajaSurren diru inbertsio handiak egin baditu ere, BBKren oinarrizko kapitala %8,9koa zen urtarrilaren 1ean.

Kutxen geroari buruz Espainiako Gobernuak hartu beharreko erabakien zain zeuden BBK eta Vital Kutxa. Bi erakundeek lehen urratsak egin dituzte fusio hotz bat aztertzeko. Haatik, proposamen erradikal batek —kutxa guztiak banku izatera behartzea, esaterako— hurbilketa horiek ezerezean utziko lituzke.

Azkenean, erreformak ez ditu aurrezki kutxak egituratzeko dauden lau aukerak moldatu, eta bat-egite hotz edo birtualen bideak zabalik jarraitzen du. Horren barnean, negozioaren parte bat elkartzeko aukera dute BBK-k eta Vital Kutxak, baina euren nortasun juridikoari eta agintaritza organo propioei uko egin behar izan gabe. Era berean, kutxa bakoitzak bere egoitzari eta obra sozialari eutsiko lioke.

Nafarroako CANen egoera beste bat da. Fusio hotz baten bidez, Banca Civica izeneko proiektuan sartu zen Caja Burgosekin eta CajaCanariasekin. Banca Civicak ez zituen gainditu estres testak, baina irailerako oinarrizko kapitala %7,64ra igotzea lortu zuen. Haatik, harrezkero beste kutxa bat elkartu zaie, CajaSol, eta integrazioak utzi duen kaudimenari buruzko datua ez dute jakinarazi.

Edozein modutan, «ia ziurtasun osoz» adierazi zuen atzo Miguel Sanz Nafarroako presidenteak Banca Civicak kapitalizazio irizpide berriak gaindituko dituela. Behar diren aldaketak «normaltasunez» egitea eskatu zuen Sanzek. «Ez dira aurrezki kutxak kriminalizatu behar, ez direlako krisiak utzitako ondorio txarren errudunak», Sanzen ustez.

Baliabide propioak handitzeko beste bide batzuk urratuko ditu Banca Civicak. Horren haritik, «ahal bezain pronto» negozioaren parte bat burtsara ateratzeko asmoa dutela aurreratu zuen atzo Caja Burgoseko presidenteak, Jose Maria Arribasek, inbertsogile pribatuak lortzeko.

Espainiako bankuen patronalak «onargarritzat» jo zuen erreforma. Sektorea kapitalizatzeko asko jota 20.000 milioi euro beharko direla kalkulatu du Espainiako Bankuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.