Urkaregiren eta Beolaren ustez, "men egin diote hasiera-hasieratik" troikaren aginduari, eta "ondorio suntsitzaileak" izango ditu euskal kutxetan, hau da, "euskal herritar guztion aurrezkiekin eta lanaren bitartez sortutako kutxetan".
EH Bilduk uste duenez, "onura gisara saldu den akordioak kalteak besterik ez ditu ekarriko euskal finantza sisteman". "Egungo kutxak desagertuko dira fundazio bihurtzeko, eta ezin izango dituzte egun dituzten Kutxabanken akzio guztiak izan". Kanpo inbertsoreei atea zabaltzen diela pentsatzen du EH Bilduk, eta troiokaren aginduak "aitzakia gisa" besterik es dituztela erabili "aspalditik dituzten helburuak gauzatzeko".
EAJren eta PPren akordioa
Ez Kutxabankek, ez BBK-k, ez Kutxak eta ez Vitalek ez dute erreserba funts berezirik sortu beharko, eta diru gehiago edukiko dute gizarte ekintzarako. Beti ere Kutxabankek bere kaudimen maila onari eusten badio, eta kutxetako batek bankuaren erdia baino gehiago kontrolatzen ez badu. Kutxabankek lehen baldintza betetzen du. Bigarrena ez. Horregatik, BBK-k bost urtean saldu egingo du Kutxabanken partaidetzan %50etik gora daukan zatia, %7. Kutxaren esku dago Kutxabanken %32 eta Vitalen mende %11.
Kutxabankek erreserba funtsa ez sortu behar izateko zuzenketak hitzartu zituzten EAJk eta PPk, eta ondoren, Espainiako Kongresun onartu.
Berez, troikak —Europako Batzordea, EBZ eta NDF— aurrezki kutxak behartu egin ditu ezohiko funts bat sortzera, balizko galerei aurre egiteko eta galera horiek diru kontu publikoetan ez eragiteko. Horrek asko mugatuko luke kutxen —banku fundazioak dira gaur egun— gizarte ekintza, beren funtzio nagusia.
Kutxabank ez zegoen neurri horretan ados, eta erreserba funtsik sortu behar izatekotan, bankuak sortzea nahi zuen. Troika, baina, kontra zegoen. Finantza krisia lehertu zenetik troikak aurrezki kutxei leporatu die Espainiako finantza sektorearen zuloaren ardura, eta sektorea sinplifikatu eta bankarizatu nahi izan du.
Azkenean, baina, ez dute erreserba funtsik sortu beharko ez Kutxabankek, ez hiru kutxek. EAJk eta PPk tarteko konponbide bat hitzartu zuten.
BBK-k Kutxabankeko partaidetzaren %7 salduko du, eta Espainiako Bankuak onartu eta kontrolatu beharko du prozesua.