NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Euskal negoziazio esparruaren alde indarrak metatzera deitu du LABek

Sindikatu abertzaleak tamalgarritzat jo du CCOOk eta UGTk Confemetalekin sinatutako ituna, euskal marko propioa eratzeari uko egin diotela iritzita. Erabakitzeko ahalmena Madrilera eramatea leporatu die: "Gozoki handi bat bihurtu dira patronalarentzat".

Metalgintzako negoziazio kolektiboa eskatzeko LABen protesta bat. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 8a
19:38
Entzun

Lan harremanetarako euskal markoa koska bat urrunago dago iragan astetik. Espainiako Confemetal patronalarekin hitzarmena izenpetuta, metalgintzaren labirintoan beste korridore bat ireki berri dute Madrilen CCOOk eta UGTk, eta pauso bat gehiago eman dute sindikatu abertzaleen errebindikazio historikoa zapuzteko. Itun horrek herrialdeko lan hitzarmenei zuzenean eraso egiten diela uste du LABek. Sindikatu abertzaleko Industria Federazioko kide Zorion Ortigosaren esanetan, hitzarmenak agerian utzi du patronalak ez duela inolako apusturik egiten bertako markoarekiko. "Negoziazio zentroa Euskal Herritik ateratzeko beste urrats bat da". CCOO eta UGT egin ditu horren erantzule.

Hitzarmenaren irakurketa beltza egin du LABeko negoziazio kolektiboko arduradun Garbiñe Aranburuk: "Lurraldeko hitzarmenak bigarren mailako hitzarmen bihurtzen ditu, estatu mailakoak lehenetsiko baitira sektore hitzarmenak blokeatuta daudenean". Lan erreformaren aplikaziorako tresnatzat jo du: "Estatuko baldintzak inposatzea ahalbidetzen du, eta etorkizunean ondorio kaltegarriak izango ditu". Testuinguru horretan, euskal negoziazio esparruan sinesten dutenen artean indarrak metatzeko eta aliantzak eraikitzeko garaia dela iruditzen zaio Aranbururi. "Mobilizatzen jarraitzea da gelditzen zaigun bidea".

Marko propioari, uko

Eta patronalari buruz esandakoa CCOO eta UGTri ere aplika dakiekeela gaztigatu du Ortigosak: "Uko egiten diote euskal marko propio bat eratzeari, eta erabakitzeko ahalmen guztia Madrilera eramaten ari dira". Darabilten "diskurtso bikoitza" salatu du, orobat: "Kontraesana da esatea bertako lan harreman eredua defendatzen dutela eta, bien bitartean, Madrilen akordioak sinatzea". Aurrera begira, sinatzaileen borondatea soldatak arautzea eta berdintzea dela antzeman du LABeko ordezkariak, eta gezurretan aritzea leporatu die.

Aranbururen ustez, CCOO eta UGT "gozoki handi" bat bihurtu dira patronalarentzat. "Confebasken aliatu ezin hobeak. CCOO eta UGT bezalako sindikatuak behar ditu Confebaskek". Patronalari aurre egitea ez den edozertarako prest daudela dio. "Ez dute inolako erreparorik: prest daude hitzarmenak gutxiengoan sinatzeko eta bertako erabakiguneak Madrilera eramateko". CCOOk sindikatu abertzaleak negoziazio kolektiboaren blokeoaren erantzule egin izana tamalgarritzat jo du Aranburuk, eta berretsi: "Argi dugu langileen mesedetara gaudela, eta ez gaudela prest patronalari men egiteko. Ez dugu sinatuko lan erreformari aurre egiten ez dioten itunik".

Patronalaren "morroi"

Hego Euskal Herrian, oro har, geroz eta handiagoa da Espainiako hitzarmenen eragina, inoiz baino behargin gehiago baitaude itun horien menpe. Kezkatuta mintzatu da Ortigosa: "Negoziazio kolektiboak bilakaera tamalgarria eduki du azken urteotan. Patronalak sekulako boterea lortu du negoziazio kolektiboaren bidez, araudi guztiek baimentzen baitiote nahi duena egitea eta lan baldintzak are gehiago kaskartzea". Ultraaktibitate printzipioaren amaiera da horren seinale. "Edozein momentutan hitzarmen bat blokeatzea ahalbidetzen dio horrek patronalari, jakinda denbora ere alde duela".

Ondorio zitalak ditu horrek, Aranbururen hitzetan: itunen balioa merkatzen duela eta geroz eta langile gehiago daudela babesik gabe, itunak berritzeko zain. Baina patronala bakarrik ez, joko horren "parte" bilakatu diren sindikatuak ere egin ditu Aranburuk horren erantzule. "Konfrontazio orori uko egin, eta patronalaren morroi bihurtu dira". Ziurgabetasun hori etekina ateratzeko probesten dutela gaitzetsi du. Ortigosa ere bat dator: "Kontratazio berrietan eta okerren dauden kolektiboetan, bereziki, prekaritatea hedatzeko eta kaskarragoak diren hitzarmen estatalak aplikatzeko baliatzen ari dira egoera. Hori gutxi ez, eta herrialdeko itunak edukiz husten dituzte".

Legeek patronalari "botere absolutua" eman badiote ere, negoziazio kolektiboaren porrotak erantzukizun politikoak dituela deritzo Aranburuk, lan harremanen eredua horren araberakoa delakoan. "Lehen zuen balioa galdu du negoziazio kolektiboak, baina Jaurlaritzak ezin du ostrukarena egin, beste alde batera begiratu eta, okerragoa dena, patronalarekin lerratu. Zer herri eredu defendatzen du? Negoziazio kolektiborik gabeko herri bat?", galdetu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.