Krisialdiak telekomunikazioen sektorea ere jo du aurten, baina Euskaltelek, hala ere, irabaziekin itxiko du 2008. urtea: 325 milioi euro irabazi ditu konpainiak, iaz baino %1,3 gehiago. Hazkunde txikia izan arren, «sektoreak izandako urterik txarrenean» mozkinak izateari «oso garrantzitsua» iritzi zion Jose Antonio Ardanza Euskalteleko lehendakariak atzo, Bilbon eginiko agerraldian. Irabazi garbiak, berriz, 29,2 milioi eurorenak izan ditu.
Emaitzak «baikorrak» direla nabarmendu zuen Ardanzak, izan ere, Euskaltelen negozio guztietan egin dute gora, sakelakoetan izan ezik: 248.000 bezerorekin amaituko dute urtea, iaz baino 8.000 gutxiagorekin alegia. Hala ere, beste konpainia batzuetara alde egindakoek «kontsumo gutxien» egiten zituztenak zirela azpimarratu zuen, eta, ondorioz, irabaziei eutsi diete.
Hazkunderik handiena ordainpeko telebista digitalarekin izan du Zamudioko enpresak: 48.250 harpidedun ditu guztira, iaz baino %20 gehiago. Banda zabaleko Interneteko konexioetan, berriz, %15,5 hazi da, «merkatua %14 hazi den bitartean». Telefono finkoari dagokionez, %5 egin du gora Euskaltelek, sektorearen batez besteko hazkundearen gainetik, %0,8koa izan baita. Dagoeneko, 360.000 bezero baino gehiago ditu.
Krisialdiaren eraginak, Ardanzak azaldu zuenez, «ez du erabateko eraginik» telefono zerbitzuetan, erabili egiten dituelako jendeak; hala ere, Alberto Garcia Erauzkin Euskalteleko zuzendari nagusiak azaldu zuenez, irailetik «gero eta minutu gutxiago hitz egiten dela egiaztatu ahal» izan dute. Edonola, «krisian egon arren» minutu bakoitzeko Euskaltelen produktu berriren bat kontratatzen dela esan zuten.
Gutxienekoak, 2 megakoak
Iaz egin bezala, Euskaltelen zuntzbidezko bezero guztiek Interneteko konexioa bi aldiz azkarragoa izango dutela iragarri zuen atzo. Otsailaren 1erako, gutxieneko konexioak 2 megakoak izango dira eta orain arte 6 mega zituztenak, aldiz, 12ra igoko dituzte. 20 eta 24 megako abiadurak ere eskainiko dituzte. Konexio guztiak, alabaina, euro batean garestituko dituzte.
2009rako helburua, azaldu zutenez, aurtengo irabaziak «euro batean ere» gainditzea dute, betiere sektorearen gainetik hazita. Nafarroan, bestetik, sakelakoen negozioa indartzen jarraitzeko asmoa dute, eta, azpiegiturei dagokionez, laugarren belaunaldiko telefonia lizentziak edota egungoen banaketa berrian interesa dutela aurreratu zuten.
Euskaltel %1,3 hazi da sektoreak etekinak izango ez dituen urtean
Bezero gehiago lortu ditu alor guztietan, sakelako lineatan izan ezik, eta Interneteko konexioa bi aldiz azkarragoa izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu