Galiziako R Cableri 1.155 milioi euroko balioa eman diote operazioan, Euskaltelek duen balio bera kasik (1.300 milioi inguru), baina konpainia laranjak hazkunderako urrats argia ematea erabaki du, arriskuak arrisku. CNMV merkatu arautzaileak atzo jakinarazi zuenez, R Cableren akzioen gehiengoa duten bi talde, CVC inbertsio funtsa eta Abanca finantza erakundea, Euskalteleko akziodun izango dira aurrerantzean.
Euskaltelen akzio guztien %25 Kutxabankena izango da; beraz, mugimendu honetan aldaketak datoz, gaur-gaurkoz Kutxabanken akzioen %30 baitauka. Corporacion Financiera Alba da akziodun handiena haren atzetik, %8arekin. R Cable erosteko, Euskaltelek dirutan pagatuko die parte bat haren akziodunei eta konpainiaren akzioak trukatuz beste bat.
Operazio horrek utziko duen sarea 725.000 kilometrokoa izango da, 715.000 bezerorekin (etxetakoak eta enpresetakoak), eta 570 milioi euroko sarrerak lituzke, 265 milioiko irabazi gordinekin (Ebitda). Alegia, Iberiako penintsulako iparraldeko erraldoia litzakete Euskaltel. Konpainia uztailaren 1ean hasi zen kotizatzen burtsan, kritika handien artean zuzendaritzako kideek eurentzat gordetako irabaziengatik.
Dimisioak
R Cableren operazioaren harira, Euskalteleko bi kontseilarik dimisioa eman dute. International Cable B.V-k (Euskalteleko beste akzioduna) izendatutako kontseilariak ziren. Ostegunean bere kargua uzteko erabakia hartu zuten Internetional Cablek bere akzio guztiak saldu ondoren.