Enpresak

Euskaltel uztailaren 1ean hasiko da burtsan kotizatzen

Telekomunikazio konpainiaren %63,55 salgai jarriko dute, eta konpainia osoak 1.400 milioi euro arte balio duela kalkulatu dute.

Ekain hasieran jakinarazi zuen Euskaltelek burtsaratzeko asmoa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS
Ivan Santamaria.
2015eko ekainaren 19a
09:36
Entzun

Euskaltelek burtsara ateratzeko asmoz egingo duen akzio salmenta publikoaren xehetasunak argitaratu ditu gaur CNMVk, Espainiako burtsa ikuskatzaileak. Informazio horren arabera, euskal telekomunikazio enpresaren asmoa datorren uztailaren 1ean kotizatzen hastea da.

Guztira, Euskaltelen ia bi heren jarriko dituzte salgai gaur egungo jabeek. Hain zuzen ere, akzioen %63,55 aterako dituzte merkatura.

Akzio bakoitzaren 8,7 eta 11,05 euro bitartean saltzea aurreikusi du enpresak. Horrek esan nahi du konpainia osoari ematen zaion balioa 1.100 eta 1.398 milioi artekoa dela. 

Euskaltelen hiru akziodunek —Kutxabank, Iberdrola eta International Cable— 80,4 milioi akzio jarriko dituzte salgai. Salmentari esker, 699 eta 888 milioi artean eskuratuko dituzte.

Konpainia saldu baino lehen, beste 248 milioi eurotan zorpetuko da Euskaltel. Diru horrekin aparteko dibidendu bat ordainduko zaie Kutxabank, Iberdrola eta International Cableri. Guztira, Euskaltelen zorpetzea 470 milioi eurora igo da, eragiketa horren ondoren.

Kutxabank, akzioen %30

Salmentaren ondoren bi egoera aurreikusi dituzte. Salmentaren baldintza guztiak betetzen badira, Kutxabank akzioen %30ekin geratuko da, eta Iberdrola nahiz International Cable konpainiatik aterako dira. Bigarren aukera bat da International Cablek akzioen %4,37ri eustea.

Euskalteleko zuzendaritza karguek akzioen %1 izango dituzte, eta langileek, hasiera batean, %0,3.

2014 urtean 315 milioi euroko salmentak izan zituen telekomunikazio konpainiak. Horri esker 36,7 milioi euroko irabazi garbiak lortu zituen. 978 milioi ditu Euskaltelek aktibotan, halaber.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.