Telekomunikazioen sektoreak hirugarren urtez izango ditu galerak, %3 ingurukoak. Euskaltelek, aldiz, hirugarren urtez «eutsi» die krisialdiaren ondorioei: 330 milioi euroko sarrerak izan ditu, 2009an baino %1,2 gehiago. Alberto Garcia Erauzkin zuzendari nagusiarentzat are garrantzitsuagoa da Zamudioko enpresak 32,7 milioi euroren irabazi garbiak izango dituela urte amaieran, iaz baino %24,33 handiagoak.
Jose Antonio Ardanza Euskalteleko presidentearekin batera, enpresaren aurtengo emaitza ekonomikoen berri emateko agerraldia egin zuen Garcia Erauzkinek Bilbon. Telekomunikazio zerbitzuetako tarifak merkatu direla eta Euskaltelen sarrerak hazkunde txikia —3,8 milioi eurorenak—izan duela aintzat hartuta, Ardanzak «apartekoa» iritzi dio etekinak laurden batean handitzeari. Haren ustez, «kudeaketa onaren emaitza» da, kostuak doitzeko garaian asmatu dutelako.
Bezero kopuruetan ere gora egitea lortu du Euskaltelek, eskaintzen dituen zerbitzu guztietan gainera. Telefonia finkoan eta mugikorrean hazkunde txikia izan dute, %1 ingurukoa, eta banda zabalean %4,3 hazi da —dagoeneko 227.511 bezero dituzte—. Ordainpeko telebistari dagokionez, «igoera ikusgarria» lortu eta EAEko lidergoa eskuratu dutela nabarmendu du presidenteak. Ia 50.000 harpidedun berri egin dituzte, eta, guztira, 2009an baino %57 gehiago dira.
Bigarren urtez, telefonia mugikorraren arloan izan du Euskaltelek emaitzarik apalena. Zuzendari nagusia, alabaina, baikor azaldu da, sektorearen gainetik daudelako «zailtasun handiak» dituen negozioan: «Krisiak kostu apaleko operadoreen alde baino ez du jokatu; gainerakoek sarrera eta bezero gutxiago dituzte». Azken bi urteetan telefonia mugikorraren sektoreko sarrerak negatiboak direla gogorarazi du: «Enpresen kontsumoa %40raino jaitsi da krisialdian». Euskaltelek, edonola ere, Simple tarifak aurkeztu berri ditu kostu apaleko operadoreekin lehiatzeko. Aste gutxian 5.000 bezero inguru erakarri ditu.
Europan baino hobeto
Europako bost merkatu nagusietan telekomunikazioen sektorearen sarrerak %15 inguru jaitsi dira azken hiru urteetan. Euskaltelek, denbora berean, hiru puntuko hazkundea metatu du. Hartara, krisialdiari aurre egiteko «indarra» izan dutela azpimarratu du zuzendari nagusiak.
Etorkizunari begira, 150 milioi euroren inbertsioak iragarri dituzte hiru urtean. Besteak beste, sarea EuroDocsis 3.0 teknologiara gaurkotu eta banda zabala mugikorra indartuko dute. Bestetik, tokiko operadoreekin lurralde lizentziak lortzen saiatuko dira.
Euskaltelek 32,7 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu, iaz baino %24 gehiago
Krisiaren hasieratik %3 hazi da enpresa; telekomunikazioen sektoreak, baina, %15 egin du atzera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu