TELEKOMUNIKAZIOA. TELEFONIA

Euskaltelek aurten 16 milioi euro garbi irabaziko ditu

«Liderra» da banda zabalaren merkatuan eta sarbide zuzeneko 203.200 bezero dauzka

BILBO
2004ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Euskaltelek 16 milioi euro garbi irabaziko ditu aurten eta «lider»bihurtu da jada banda zabalaren merkatuan: 71.000 linea dauzka, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko guztien %43,4. «Zailtasunak zailtasun, Euskaltelek ondo bete ditu bere asmoak», nabarmendu zuen konpainiako presidente Jose Antonio Ardanzak, atzo. Sarbide zuzeneko 203.200 bezero edukiko ditu telekomunikazioen euskal operadoreak urtea amaitzerako.

Lehia sano handitu dela, sektorea egonkortu egin dela, baina Euskaltelek, 2005era begira, «%10eko hazkundea» aurreikusi duela iragarri zuen Ardanzak. «Merkatua %5 haziko da. Gu, aldiz, halako bi. Gutxienez 20 bat milioi euroko irabaziak poltsikoratu nahi ditugu».Ardanzaren ildotik, Euskalteleko kontseilari ordezkari Alberto Garcia Erauzkinek jakinarazi zuen esparru guztietan gora jo duela konpainiak: «Telefonia finkoko bezeroen %45 biltzen ditugu, Interneteko erabiltzaileen %55 eta sakelako telefonoa daukatenen %32 ia». Gainera, Erauzkinek zehaztu zuen bezeroen erdiak Euskaltelen sare propioa baliatzen dutela Interneten murgiltzeko. Konpainiak 1.000 milioi eurotik gora inbertitu ditu gaurdaino, zuntz optikoa Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herri guztietara zabaltzeko. Hurrengo urtean 227 milioi euro bideratuko ditu ekimen horretara. «Marka aparta erdietsi dugu. Operadore guztiak kontuan hartuta, lau bezerotik batek gure sare propioa erabiltzen du telekomunikazioetarako».

Enpresen %40 eskuratu nahi ditu orain

Enpresen merkatuari gogoz helduko diotela adierazi zuen Erauzkinek, halaber. Merkatu horren %40 eskuratu nahi du Euskaltelek 2007rako. «Produktu berritzaileak» eskainiko ditu enpresak erakartzeko eta, orobat, herritarren arreta pizteko. 290 milioi euroko irabazi gordinak gainditu nahi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.