Euskaltelen inguruan aldaketaren hotsak gero eta ozenago entzuten dira. Enpresa saltzekotan dagoela ohartarazi du CCOOk, eta horretarako bidea prestatzen ari dela. Sindikatuak uste duenez, gaur egun telefono konpainiak dituen 553 langileetatik %40k utzi beharko dute enpresa.
Kaleratze gordinen berririk ez du eman CCOOk. Haren arabera, erretiro aurreratuak eta konpentsatutako kaleratzeak eskaintzen ari da Euskaltel. Baina, «azken neurri gisa», hainbat sail eta jarduera kanpoko enpresen esku uztela asmoa duela ziurtatu du.
Lan taldea txikitzearen aurka daude sindikatuak, eta dagoeneko hasi dituzte mobilizazioak enpresako zuzendaritzaren asmoak zapuztu nahian. CCOOren arabera, justifikaziorik ez dute kaleratzeek, emaitza «bikainak» dituelako enpresak. Iaz 48 milioi irabazi zituen Euskaltelek, eta aurten kopuru horretatik gora geratzeko asmoa duela iragarri du.
Sindikatu hori kexu da enpresako zuzendaritzak ez duela berregituraketa sindikatuekin hitzartu. «Banan-bana ari da kaltetuekin hitz egiten, eta foro ez ofizialak baliatzen ari da langileak larritzeko».