Aldaketa handiak gertatu dira Euskaltelen jabetzan. Trilantic Capital Partners eta Investindustrial inbertsio taldeak sartu dira telefono konpainiaren jabetzan,akzioen %48,1ekin. Kapitaletik atera dira, berriz, Eusko Jaurlaritza (%7,45 zuen), Endesa (%10,64) eta Mondragon (%2,13). Orain arteko akziodun nagusiak, Kutxabankek, izaera horri eutsiko dio aurrerantzean ere, baina bere partaidetza %67,93tik %49,9ra jaitsi du. Iberdrolak ere bere zatia%11,85etik %2ra jaitsi du.
Operazioa lotzekotan egon ziren duela astebete, baina sinatzera zihoazela diru eskaintza txikiagoa egin zuten erosleek, eta salmenta eten zen.Desadostasunak konponduta, atzo gauean lortu zuten akordioa. Bi inbertitzaileek zenbat pagatuko duten ez du argitu Kutxabankek kaleratutako agiriak. Bankuak, ordea, nabarmendu du bere partaidetzari eta Iberdrolak duenari esker, Euskaltel «Euskadin errotuta» jarraituko duela. Kutxabankek «euskal ehun industrialarekin duen konpomisoa indartzen du» horrela.
Operazioaren diruaren beharra zuen Eusko Jaurlaritzak aurten BPGaren %1,5eko muga ez gainditzeko. Hala ere, salmentak izan ditu aurkakoak ere, bere partaidetzarekin batera zuntz optikoaren sarea ere salduko baitu gobernuak. Hainbat urtez Euskaltelek alokairu sinboliko baten truke erabili du zuntz sare publikoa. Eusko Legebiltzarrak baimena eman zion salmentari abuztuan, EAJ, PSE eta PPren botoekin. Ondare publikoa «enpresa pribatu baten kudeaketa txarra estaltzeko» saldu nahi izatea salatu zuten Aralarrek eta EAk.
Orangeren isunaren zama
Desinbertitzeko gogoa zuten akziodun pribatuek ere, arrazoi ez guztiz ekonomikoengatik egindako inbertsioak zirelako, edo diru premia zutelako krisiak eragin dizkien beste zulo batzuk estaltzeko.
Kutxabanken kasuan, kontabilitate arauek ere zeresana izan dute salmentan. Hiru kutxak bakoitza bere aldetik sartu ziren Euskaltelen, Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Kutxabank sortzean, kapitalaren erdia baino gehiago zuten eta horrek behartu ditu Euskaltel bere liburuetan sartzera, eta hark izan ditzakeen arazoak bere egitea.
Kasu honetan, gainera, arazoa ez da txikia. Izan ere, apirilean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen Euskaltelek 222 milioi euroren isuna pagatu behar diola Orangeri. 1998tik 2006ra bazkide izan ziren, hura Amena zenean. Harremana desadostasun handiekin hautsi zuten, enpresa bakoitzak beretzat aldarrikatzen baitzituen sakelako telefonian zituzten 450.000 bezeroak. Euskaltelek 230.000 bezero lapurtu zizkiola salatu zuen Orangek, eta epaileek arrazoia eman zioten.
222 milioi diru asko dira Euskaltelentzat. Iaz, bere urterik onenean, 38,4 milioi euro irabazi zituen. Isuna pagatzeko 125 milioi euroren behin-behineko mailegu bat eman dio Kutxabankek. Bankuak ez du mailegu hori bere kontuetan nahi.
Euskal Herrian inbertitzen
Lehman Brothersen errautsetatik sortutako inbertsio funts bat da Trilantic Capital Partner. Beste euskal enpresa baten akziodun ere izan da: ITP aeronautikarako motor egilearena.
Euskal Herriarekin lotura du Inverindustrialek ere, Bilbon sortutako Panda Securityren akzioduna baita. Park Aventura jolas parkearen %50en jabe ere bada.
Euskalteleko akzioen %48,1 erosi dituzte atzerriko bi inbertsio funtsek
Kutxabankek %49,9ri eutsiko die, Iberdrolak %2ri, eta Jaurlaritza, Endesa eta Mondragon, enpresatik aterako dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu