Duela urte batzuk Euskaltelek egin iragarki kanpaina arrakastatsua berritu beharra sumatzen da bazterretan. Irribarrea eragin eta, telefonoa (ekonomia) ez badabil, Patxiri deitzen jarraitu; besterik ez bada, oihuka. Citi eta BofA 10.000 milioiren kapital hedatzea prestatzen ari direla, Espainian eraikuntza eta auto salmentak gain behera doaz. Pernandoren egiak eta Patxiren umorea. Urteko lehen hiruhilekoa nahikoa izan du Acerinoxek (+%1,64) 93 milioi galtzeko, baina, atzo, Wall Street irribarretsu esnatu zen eta Santander (-%0,43) goizean jasotzen ari zen egurra arindu egin zen. %5 pasa galtzen ibili zen banku erraldoia, eta indizeak larrutik ordaintzen ditu horrelakoak. Patxi esan gabe ere, kurrinka ozenak egin zituzten atzo pare bat txerritxok bederen: Gamesak (+%14,04) eta Abengoak (+%9,28). Gamesarena, Vestas lehiakidearen emaitza onei egotzi dienik izan da. Horrek, «Juanjoooo» deitu eta Patxik erantzutea adinako logika du.
Europako Banku Zentrala. Ostegunean EBZk interes tasa %1era jaistea espero da. Alegia, Tricheten egungo kezkak ez datoz prezioen aldetik, inflaziotik, jardueraren aldetik baino (langabezia eta BPG). Diruaren merkatze horren eragina, ordea, nahiko mugatua da jada. Euriborrak pittin bat behera egin dezan lagun dezake, baina finantza merkatuak ez daude euren betean, maileguak ere ez (eskari gutxi eta eskaintza garestia). Oro har, sektore publikoak finantza sektorea osa dadin saiatzen jarraitu behar du. Legealdi oso bateko lana izan daiteke.
(Euskalteleko) Patxiiiii!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu