Sindikatuak

Euskaraz lan egiteko eskubidea aldarrikatuko du ELAk bere kongresuan

Indarkeria matxistaren aurkako eta eraldaketa ekologikoaren aldeko borroka indartuko du datorren asteko kongresuaren ostean.

Sindikatuak hilaren 15ean eta 16an egingo du kongresua. ELA
Iker Aranburu.
2017ko ekainaren 7a
12:50
Entzun

Hilaren 15ean eta 16an bere 14. kongresua egingo du ELAk, Bilboko Euskalduna jauregian. Indarberritzen leloa aukeratu du Euskal Herriko sindikatuetan handienak. Guztira, 736 ordezkarik hartuko dute parte. Azken lau urteotako jardunaren txostena eztabaidatuko dute, eta hurrengo urteotan sindikatuaren lan ildoa finkatu duen ponentzia aztertuko dute. Adolfo Muñoz beste lau urterako ere hautatu beharko lukete, ez baitago idazkari nagusi izateko beste hautagairik.

Sindikatuko kideek eztabaidatuko dituzten hiru ebazpen aurkeztu dituzte gaur Amaia Muñoa ELAko idazkari nagusiaren albokoak eta Leire Txakartegi zuzendaritzako kideak.

Lehengoa indarkeria matxistari buruzkoa da. "Sindikalismo ez patriarkal baten alde. Indarkeria sexistari ez" izenburua du, eta horretan azpimarratu dute lan munduan ez dela arrotza emakumeen aurkako indarkeria. "Prekaritatea bera biolentzia gisa jotzeko eztabaida gora behera, argi dago emakumeei eragiten dien prekaritateak eta pobreziak haien menpekotasun ekonomiko eta soziala handitzen duela, eta, hortaz, indarkeria sexista jasateko aukerak handitzen dituela".

Horren aurrean, ELAk agindu du sindikatuaren barruan kultura ez matxista sustatuko duela, eta bideak jarriko dituela indarkeria sexista identifikatzeko eta hari erantzuna emateko.

Euskara eta lan mundua dira bigarren ponentziaren protagonistak. Langile euskaldunek euskaraz lan egiteko eskubidea dutela defendatuko du ELAk. "Etengabea da gaztelerak eta frantsesak euskara ordezkatzeko prozesua, lurralde eta esparru guztietan; horren ondorioz, gaur egun geure herrian ez da posible geure hizkuntzan lan egitea eta bizitzea", dio sindikatuak. Hizkuntza eskubideak "giza eskubide oinarrizkoak" direla ziurtatu du Txakartegik, eta eskatu die administrazioei "beharrezkoak diren bitartekoak" jartzeko lan munduan ere euskaraz bizi ahal izateko. Sindikatuak berak bere barne funtzionamenduan euskara gehiago erabiltzeko konpromisoa hartuko du.

Hirugarren ponentzian, ELAk bere egingo du "Sistema aldatu, ez klima" dioen leloa. Muñoak  azaldu duenez, ELAk lan egingo du sistemaren aldaketa bilatzen duten beste erakunde eta eragileekin batera. "Sinestarazi nahi digute ez dagoela beste alternatibarik, baina alternatibak bilatzea posiblea ez ezik, ezinbestekoa ere bada". ELAk bide horretan urrats batzuk egin dituela gogorarazi du sindikatuko bigarrenak: argindarra Goiener kooperatibarekin kontratatu du eta Fiare banku etikoan kontuak ireki ditu.

Laugarren ponentzia bat ere aztertuko dute ELAko batzarkideek, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentari buruzkoa. Oraindik lantzen ari dira, baina haren helburua izango da Eusko Jaurlaritzak indarrean jarri nahi duen erreforma salatzea eta gizarte prestazioak zabaltzea gaur egun horiek gabe dauden sektoreei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.