«Arrazoizkoa». Finkatuz funtseko diruekin Jaurlaritzak ITP Aero erosteko operazioan parte hartzea «arrazoizkoa eta ona» litzatekeela esan du gaur Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak, gaiari buruzko datuak falta zaizkiola zehazten zuen bitartean.
Enpresen errotzea bultzatzeko xedea duen Finkatuz funtsa Ekonomia sailaren esku dago, baina une honetan ekonomia sailburuak azaldu du Arantxa Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua, ITP eta Aernnova gaia aztertzen ari direla. «Horren ondorioak esku artean dituenean, Jaurlaritzak izango du erabakia. Nik orain ezin dut esan ona edo txarra denik, ez dut nahikoa daturik jarrera bat zehazteko».
Hain zuzen, Arantxa Tapiak ere hizpide izan du gaia, beste konferentzia batean. Sailburuaren arabera, inportanteena ITPren jarduera Euskal Herrian herrian errotzea da. Eta Jaurlaritzak nahi du proiektu bat zeinak usteko duen «Euskadi inbertitzeko eta produzitzeko tokia dela».
«Euskadirentzat ITP puntako enpresa da, eta haren berrikuntza baliabideak oso garrantzitsuak dira, hornitzaile kate oso bat elikatzen duelako. ITPrentzat etorkizun onena nahi dugu. Eta Rolls Roycek ITP salmentan jarri duen honetan, haren errotzea bermatuko duen proiektua nahi dugu. Eta ez naiz ari soilik haren egoitza sozial eta fiskalaz; horiek ere inportanteak izan arren, nahi dugu bermatzea haren jarduera produktiboa eta hornitzaileentzako trakzio izaera ere».
Naval
Pedro Azpiazuk Naval ontziola hartzen zuten lurren etorkizunaz ere hitz egin du Forum Europan. «Jaurlaritzak jada adierazi du Navalen terrenoetan jarduera industrial inportantea egotea nahi lukeela. Ezkerraldea eta Sestao herria bera oso industrialak izan dira; jendeak hor badaki industria egiten, eta ahalmen hori erabili egin behar dela uste dut».
Ekonomia sailburuak azpimarratu du lehiaketaren irabazleek adierazpenak egin dituztela, «instalazioen zati batean jarduera industrialak egingo dela esanez». Azpiazuk esan du Eusko Jaurlaritza ari dela haiekin hitz egiten; «espero dezagun industria gehiagoko irtenbide bat topatzea, gogobeteko dituena bai irabazleak, bai langileak, eta bai Sestaoko herria».
Europako funtsak
Ekonomia sailburuak berriz ere gogor kritikatu du nola kudeatzen duen Espainiako Estatuak Berreskurapen eta Erresilientzia Mekanismoa, «besteak beste haien gobernantza eredua ez delako egokia lortu nahi diren helburuetarako».
Sanchezen Gobernuaren alde bakarreko jokaera ere gaitzetsi du Azpiazuk. «Espainiako Gobernuak ahalegina eskatzen digu, baina eskumenetako asko ditugun erkidegoei ez digute aukerarik eman elkarrekin ezer lantzeko». Azpiazuri ez zaio gustatu Espainiak 2021ekoa aurrekontuen bidez banatzea 24.000 milioi euro, Europatik laguntza zuzenetarako Espainiara bideratuko diren diruetatik (69.000 milioi euro azkenean). Zailtasunak dakartzala uste du: «Proiektu transformatzaile handiez ari bagara, urte batzuetarako proiektuez, eta soilik urte bakarrari dagokiona besterik ezagutzen ez badugu, zaila da taxuzko inbertsio plan egitea».
Jaurlaritzak uste du une garrantzitsua dela, «baliabideak jartzeko aldaketarako, transformaziorako proiektuetan. Guk bat egiten dugu Europaren ideiarekin, uste dugu baliabideak horrelako proiektuetan jarri behar direla, ez direla erabili behar erakundeen ohiko jarduera finantzatzeko». Era berean, Eusko Jaurlaritzak ez du ulertzen 24.000 milioi euroetatik soilik 1.708 milioi euro joatea Industria, Merkataritza eta Turismo Ministeriora, eta are gutxiago horietatik bakarrik 233 milioi izatea zehazki industriarentzat. Industriako proiektu estrategikoetarako 110 milioi esleituko dira, eta jasangarritasun turistikorako planerako, 660 milioi euro, hots, sei aldiz diru gehiago.
Ekarpenen Legea
Zorpetzeari buruz, Azpiazu sailburuak esan du oraindik ez dakiela beste zor jaulkipenik egingo duen ala ez: «Ikusi beharko dugu ekonomia nola doan». Hori bai, hemendik gutxira bonu jasangarrien 1.000 milioi euro jaulkiko dituztela iragarri du.
Ekarpenen Lege berriarentzako nahiko lukeen egutegia ere zehaztu du Ekonomia sailburuak. Lege proposamena uztailerako adostuta eduki nahiko luke gobernuak, Eusko Legebiltzarrean irailaren bukaerarako onartua izateko, urriaren erdian egiten den Euskal Finantzen Kontseilurako garaiz. Azpiazuk berretsi egin du duela aste batzuk esandakoa, lege berriaren zirriborroa «nahiko aurreratua» dagoela. «Badaude zenbait kontu adosteko, baina, nire ustez, Jaurlaritzak eta aldundiek nahiko erraz gainditzeko modukoak dira».