«Eusko Jaurlaritza porrot egitear dago»

Egoera «oso larria» dela esan du Urkulluk, bere datuetan eta Jaurlaritzako sailburu baten laguntza eskaeran oinarritutaJaurlaritzak ukatu egin du bere kaudimena kolokan dagoela eta porrot egingo duela

jakes goikoetxea
Donostia
2012ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren hondamendi ekonomikoa iragarri du EAJk. Erakundearen egoera «oso larria» dela, defizita «lehertu» egin dela eta «porrot egitear» dela esan zuen atzo Iñigo Urkulluk, EAJren Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Sabin Etxean egindako agerraldian. Desoreka ekonomikoak Jaurlaritzaren berehalako jarduera geldiaraz dezake, Urkulluren iritziz. Hori guztia gutxi balitz, Urkulluk jakinarazi zuenEusko Jaurlaritzako sailburu «garrantzitsu» baten «dei etsia» jaso dutela, EAJri laguntza eske, «irtenbideak aurkitzeko edo ezohiko diru sarrerak lortzeko». Urkulluk ez zuen eman sailburuaren izena.

Urkulluk esandako guztia ukatu du Jaurlaritzak. Ukatu egin du Eusko Jaurlaritzako sailbururen batek EAJri laguntza eske deitu diola. Ukatu egin du Jaurlaritzaren kaudimena kolokan dagoela. Eta ukatu egin du porrot egitear dagoela.

Salaketa «bere informazio eta datuetan» eta sailburuaren deian oinarritu zuen Urkulluk. Finantzen Euskal Kontseiluaren datuak ere baliatu zituen egoera «biziki larria» dela berresteko: «Autogobernurako gaitasuna berreskuratu genuenetik gure erakundeen egitura pasatzen ari den unerik latzenetakoa da».

Jaurlaritzaren zuloa mila milioi euro ingurukoa da, Urkulluren arabera. Finantzen Euskal Kontseiluaren urriko kopuruak aipatu zituen: «706,5 milioi euroko defizit publikoa espero zen, baina uste da kopuru hori %50 handitu dela». Jaurlaritzak oraindik ez du jakinarazi iazko defizit publikoaren portzentajea. Aurreratu du ez duela %1,3ko muga bete.

Ezkutuko defizita izatea leporatu zion Urkulluk Jaurlaritzari. Eskatu zion «diru kontuen benetako egoera» eta pilatutako defizitaaurkez ditzala Finantzen Euskal Kontseiluaren hurrengo bileran, hil honetan bertan. Bilera horretan itxiko dituzte iazko diru bilketak eta ekarpenak.

Mila milioi euroko kopurua ez da berria. Zerga bilketaren zuloari dagokio. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek iaz espero baino mila milioi euro gutxiago bildu zituzten, aurtengo urtarrilean emandako datuen arabera. Foru aldundiek biltzen duten diruaren %70 Eusko Jaurlaritzarentzat izaten da. Biltzen ez dutenaren zuloa ere bai. 2011ko aurrekontuak egin zituztenean kalkulatu zuten 12.500 milioi euro bilduko zituztela itundutako zergen bidez; urte amaieran, aldiz, 11.480 milioi euro izan ziren, 1.020 milioi euro gutxiago.

Urtean zehar aurreikuspenak berritu egin behar izan dituzte, betetzea ezinezkoa izango zela ikusita, baina urrikoak ere ez dituzte bete. Urrian iragarritakoak baino 209 milioi euro gutxiago jaso dituzte zergen bidez.

Zerga bilketaren jaitsieran eta aurreikuspenen porrotean hiru faktore nagusi hartu behar dira aintzat: alde batetik, ekonomiaren egoera hobetu beharrean, okertu egin dela; bestetik, Espainiari Rover auziko dirua bueltatu behar diotela (435 milioi euro); eta, azkenik, Espainiarekin kupoaren ordainketari buruz desadostasunak dituztela.

Eusko Jaurlaritzak erantzun dio Urkulluri ekonomiaren moteltzea zailtasunak eragiten ari dela baina Eusko Jaurlaritzaren kaudimena ziurra dela: «Jaurlaritza da egoera txukunena duena, hornitzaileei azkarren ordaintzen diena eta zor txikiena daukana. Jakina da». Gehitu du atzeratu egin duela foru aldundiek Jaurlaritzari egin behar zioten lehen ordainketa, 310 milioi eurokoa, «eta ordainketa atzeratzea ez dator bat berehala porrot egiteko arriskuarekin».

Asteotan, ordea, zenbait bekadunek eta hornitzailek salatu dute Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin dituela abenduko ordainketak, gastu horiek iazko jarduerari gehitu beharrean, aurtengoari gehitzeko.

Urkulluk, hain kritika gogorrak egin eta gero, «EAJren lankidetza zintzoa» eskaini zion Eusko Jaurlaritzari, «hau ez baita kritikarako garaia». Prest dago «ardura politikoz» jokatzeko eta, beharko balitz, konpromisoak hartzeko, «sakrifizioak partekatzeko». Horretarako, baldintza bat jarri dio: egia esatea defizitari, zorpetzeari eta iazko aurrekontuei buruz. «Horrela, dena izango da posible», esan zion Urkulluk Jaurlaritzari. Ekimenak aurkezteko asmoa dute, diru kontuen benetako egoera jakin ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak ez du sinesten EAJren lankidetza eta arduraz jokatzeko eskaintza. Aitzitik, «manipulatzea», «alarma eragitea», «Euskadiren izena zikintzea» eta alderdiaren interesak lehenestea leporatu dio.

Antonio Basagoiti EAEko PPren idazkari nagusiak Urkulluri gogorarazi dio foru aldundiek ere parte hartu zutela diru sarreren aurreikuspenetan —EAJk agintzen du Bizkaikoan— eta EAJ abstenitu egin zela Jaurlaritzaren 2012ko aurrekontuen bozketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.