Elikagai sektorea

Eusko Jaurlaritzak 60 milioi euro bideratuko ditu elikagai industria sustatzeko

“Atomizatuta” dagoen sektorea indartzeko laguntza izango dela azaldu du Arantza Tapia sailburuak

HEISA (Hermanos Echevarria Idoeta Sociedad Anonima) enpresa. HEISA enpresan hegaluzea kontserba latetan sartzen dute. JON HERNAEZ / ARP
Lander Muñagorri Garmendia.
2015eko otsailaren 25a
09:20
Entzun

Nekazaritzako elikagaien industria indartu. Asmo garbi horrekin abiatu du Eusko Jaurlaritzak sektorea sustatzeko martxan jarri duen lehiakortasun plana. Eta horretarako aurten 60 milioi euroko inbertsioa egingo dutela aurreratu du Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak. Pasa den urtean bideratu zen diru kopurua baino 21 milioi euro gehiago. “Sektore indartsu bat sortu nahi dugu, enpresa handiek txikiak jan ez ditzaten eta denentzako lekua egon dadin”. Zentzu horretan, 2014 eta 2016 urte arteko lehiakortasun planak “atomizatuta” dagoen sektorea antolatzeko balioko duela zehaztu du. “Industriako enpresen %91k hogei langile baino gutxiago ditu, eta %71k 1 eta 5 langile artean ditu”. Horregatik, planak sektoreko eragile ezberdinen arteko hartu emana sustatuko duela azaldu du sailburuak. ”Eraginkortasuna areagotzeko lan egin behar da, bakarka egin ezin dena taldean eginez”.

Gabezia hori eduki arren, elikagaien industria “osasuntsu” dagoela ere adierazi du Tapiak. Eta horren erakusle eman dituen datuak. Elikagaien sektoreak 846,1 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egiten zion EAEko BPGari 2013an, eta 14.500 pertsonari ematen dio enplegua. Sektorearen fakturazioa 3.630 milioi eurotara heltzen da, eta esportazioaren balioa 1.000 milioi eurokoa da. “Gainera, krisian ondo moldatu den sektorea” izan dela azaldu du, 2012 eta 2013 urteen artean %1,48 hazi zelako. Datu horiek, gainera, hobeak dira elikagaien sektorearen eta lehen sektorearen arteko ekarpena gehitzen bada. “Elikagaien sektoreak dinamizatzaile lan garrantzitsua egiten du lehen sektorean, baina bien artean independentzia handia dago”. Kontuak kontu, BPGari %2,3ko ekarpena egin zioten 2013 urtean, eta 1.367 milioi euroko ekarpena, 2012an baino %1 gehiago. Jaurlaritzak gaur goizean aurkeztutako lehiakortasun planarekin, datu “horiek hobetzea” lortu nahi dela azaldu du Tapiak, daturik eman gabe.

Hobekuntza horren bidean, planak hainbat neurri jarriko ditu mahai gainean. Batetik merkatuak garatu eta sustatzeko neurriak hartuko dira, euskal enpresen presentzia nazioartean areagotzeko. Bestetik, enpresen arteko lankidetza bultzatuko dute, “bakarrik heldu ezin zaien erronkei ekiteko”. Zentzu horretan, berrikuntza eta teknologiaren estrategian sakontzea izan liteke, sailburuak azaldu duenez, lankidetzan landu daitekeen erronketako bat.

“Ez da diru laguntza bat”
Elikagaien sektorea bultzatzeko plana, ordea, ez da diru laguntza bat bakarrik izango, Tapiak argitu gura izan duenaren arabera. Horiek ere egongo dira, “baina horrez gain, bestelako finantza tresnak baliatuko dira”. Horien artean Europar Batasuna zehazten ari den ildotik mailegu “malguagoak” eskainiko direla argitu du sailburuak.

Plan hau osatzeko garaian, Jaurlaritza sektoreko hainbat eragilerekin harremanetan egon da. Denetara, 50 enpresek hartu dute parte, eta 100 pertsona ingururen iritziak bildu dituzte. Plan horretan sorkuntza prozesuan parte hartu dutenetatik asko gaur goizeko agerraldi horretan egon dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.