Ekonomiaren erorketa orain arte espero zena bezain sakona izango da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Aurki aurreikuspenen koadro makroekonomiko berria argitaratuko du Eusko Jaurlaritzak, baina ez da urteko erorketa globalean aldaketarik egongo. Maiatzean aurreikuspenak hobetzeari atea ireki zion Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak, baina atzo atzera egin zuen. Hiruhilekoen arteko banaketa aldatuko bada ere, aurten %1,3 egingo du atzera ekonomiak.
Gobernuaren finantza egoerari eta zerga bilketari buruz azalpenak eman zituen atzo Agirrek Eusko Legebiltzarrean. EAJk eskatuta, aurreikuspen ekonomikoak ere izan zituen hizpide. Kalkuluak sakratutzat ez jotzeko eskatu zuen sailburuak, Europan gertatzen ari denak ziurgabetasun handia ematen duelako. Enpleguaren alorrean, urtean 22.000 lanpostu galduko direla uste du Jaurlaritzak. Lehen hiruhilekoan 17.000 galdu ziren.
Finantza publikoak orekatzeko Espainiako Gobernuarekin hitzartu zuen planaren berri eman zuen sailburuak agerraldian, halaber. 2012ko aurrekontuetan 160 milioi euroko murrizketak sartu zituen Patxi Lopezen gobernuak, eta, defizit helburua betetzeko asmoz, gastuak beste 290 milioi eurotan jaisteko neurriak hartu zituen. Besteak beste, funtzionarioei gaixoaldien ordaina murriztu zitzaien.
Zerga bilketak orain arte izan duen jaitsierak nolako ondorioak izango dituen jakin nahi zuten oposizioko alderdiek. Jaurlaritzak honezkero aurrekontua bi aldiz egokitu du, otsailean eta maiatzean. Azken horretan zerga bidez bildutako dirua espero zena baino %6 gutxiago izatea ontzat jo zuen gobernuak.
Jaitsiera gertatuko bada ere, arazoa leuntzen duten bi faktore alde ditu Jaurlaritzak. Bilketaren aurreikuspena egin zenean ez ziren aintzat hartu joan den urteko azken txanpan foru aldundiek onartu zituzten zerga igoerak. Horiei esker aldundietatik 150 milioi euro gehiago eskuratzea espero du. Era berean, ez zen banaketan sartu opor fiskaletatik berreskuratutako dirua.
Agirreren arabera, oraingoz ez da beharrezkoa izango bestelako murrizketarik onartzea. «Jaurlaritzak tresnak ditu behin-behineko murrizketa gehiagoren beharrik ez izateko», sailburuaren hitzetan. Gobernuak 400 milioi euro identifikatuta eta atxikita ditu honezkero, badaezpada. Oposiziotik, EAJk eta PPk diru hori zein atal zehatzetik kenduko den ez argitzea leporatu zioten Agirreri. Lehentasuna bultzada publikoa ez gelditzea dela erantzun zien sailburuak. «Ahalko bagenu, sistema ekonomikotik euro bat bera ere ez kentzea bilatuko genuke».
Hurrengo urratsen zain
Hurrengo asteak erabakigarriak izango direla uste du Agirrek. Maiatzean egindakokalkuluetan zerga bilketaren etorkizunari buruzko behar beste informaziorik ez dutela onartu zuen, eta uztaileko likidazioa ikusi arte ezinezkotzat jo zuen behin betiko kalkulurik egitea.
Horrekin batera, datozen hilabeteotan Espainian edo Europan hartutako neurrien ondorioen zain ere badago. Esaterako, BEZaren balizko igoera.
Eusko Jaurlaritzak azkenean ez ditu hobetuko hazkunde aurreikuspenak
Agirrek ziurtatu du «tresnak» badituztela murrizketa gehiago onartu gabe defizit muga errespetatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu