Zerga bidez bildutako dirua ia %20 jaitsi da. Barne produktu gordinak izango duen beherakada - %2,9 EAEn - baino askoz handiagoa. Funtsean, datorren urteko aurrekontuak egiteko orain dela bost urteko baliabide ekonomikoak izango ditu eskura Patxi Lopezen gobernuak. Bilketa hori 2013 urtea arte ez dela orekatuko ohartarazi zuen Agirrek,gainera.
Aurrekontuak aurrera ateratzeko, zorpetzeari heldu beharko dio Jaurlaritzak datorren urtean, bigarrenez jarraian. Hain zuzen ere, 2.038 milioiko zorpetze gordina izango du, eta, amortizazioak kenduta, 1.914 milioi garbi izango dira. Aurten beste 1.350 milioi euroko zorpetzea baimendu du Gobernuak. 2011n eta 2012an beste 2.100 milioi euro beharko dituztela iragarri zuen Agirrek.
Zor publikoa jaulkitzeak beste ondorio batzuk ditu. Hala, 2010. urtean 245 milioi euro jarri beharko ditu Gobernuak emisioen interesak ordaintzeko. Zorra handitu ahala, interes gehiago pilatuko dira urtetik urtera.
Zorpetzearen mugari buruz egon den polemika ere argitu nahi izan zuen Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Agirreren arabera, beste aurrekontu proiektu batzuetan - esaterako, Espainiako Gobernuarena - dagoen formula kopiatu baino ez dute egin. Testu horrek ateak zabalik uzten zituen zorpetzea handitzeko edo murrizteko, diru sarreretan egondako aldaketen arabera.
EAJk eta PPk gogor kritikatu izan dute klausula hori. Agirrek, berriz, justifikatu egin zuen, gehiegikeriak egiteko biderik ematen ez duela argudiatuta. «Zorpetzeko mugak daude. Ez dago mugatik pasatzeko arriskurik». Edonola ere, kritikak entzun ondotik, aurrekontuen lege egitasmotik ezabatzea proposatu zuen.
EAJren ustez, amarrua
Aurrekontua orekatzeko, tranpa egitea leporatu zion Gobernuari Ricardo Gatzagaetxebarria legebiltzarkide jeltzaleak. Hain zuzen ere, zorpetzearen bidez gastu korrontea ordaindu nahi izatea egotzi zion; legeak, berriz, debekatu egiten du hori. Inbertsiora 1.300 milioi bideratuko dira, eta, jeltzaleen arabera, zorreko beste 600 milioi euroak gastu arrunta ordaintzeko erabili nahi izatea ez da zilegi. Pilatuko den zorra EAEko langile bakoitzak 4.500 euroko mailegu pertsonala izango balu bezain handia izango dela esan zuen EAJk, halaber.
Zorrari buruz bilatu duten irtenbidea «ezohikoa» dela aitortu zuen Agirrek, eta, besteak beste, Herri Kontuen Euskal Epaitegira aholku eske jo dutela jakinarazi zuen. Edonola ere, diru hori ezinbestekoa dela azaldu zuen. «Kontuetatik 500 milioi euro gehiago kendu izan bagenitu, batzuek ez zuten kobratuko». Horren haritik, urtetik urtera baino gehiago, aurrekontuak ziklo baten barruan kokatu behar direla argudiatu zuen, eta, hortaz, zikloa amaitu bitarte egoera orekatzea posible dela ziurtatu zuen.
Gastuari eusteko egin den ahalegina azpimarratu zuen sailburuak. Iazko proiektuarekin alderatuz, zenbatekoa soilik %1,6 jaitsi da. Haatik, urtearen joanean gaurkotu diren kredituak aintzat hartuz gero, murrizketa %8,6koa izan da. Horrek esan nahi du aurten 960 milioi euro gutxiago izango dituela eskura gastatzeko Patxi Lopezen gobernuak. Osakidetzari dagokion atala kenduta, funtzionamendu gastuak %19 jaistea lortu dutela nabarmendu zuen Agirrek, eta transferentzia eta diru laguntzetarako dirua beste hainbeste jaitsi da.
Era berean, inbertsioei diru gutxiago ematea defendatu zuen. «Gurea gastu soziala da. Ezin dugu zerbitzurik kendu, eta nonbaitetik moztu behar da. Ahalegin itzela egin da».