Turismoa

Eusko Jaurlaritzak dio euskal herritarrek ez dutela saturaziorik antzematen turismoan

Alfredo Retortillo Turismo sailburuaren arabera, turismoa goraldian dagoela ikusten dute euskal herritarrek baina ez daude horrekin kezkatuta, "inolaz ere  ez dutelako antzematen beste toki batzuetako adinako saturazio turistikorik".

Turistak Donostian, kaleko ikuskizun baten argazkiak hartzen. JUAN HERRERO, EFE
Irune Lasa.
2017ko ekainaren 28a
07:25
Entzun

Urteko lehen lau hilabeteetan %8,8ko hazkundea izan du turisten kopuruak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, iazko epe berarekin alderatuta. 97.000 inguru dira hiru herrialdeetan turismoari lotutako enpleguak, eta alorrak EAEko BPGaren %6 hartzen du. Turista batek, batez beste, 110 euroko gastua egiten du eguneko.

Datuok gaur eskaini ditu Eusko Jaurlaritzako turismo sailburuak, Alfredo Retortillok, turismoaren karga-gaitasunari buruzko azterlan baten aurkezpenean. Sailburuaren arabera, euskal herritarren iritziz "turismoak goraldia bizi du Euskadin". Herritarrek ikusi dute gorantz doala turisten kopurua. "Baina ez dute hori kezkaz ikusten, ez dutelako inolaz ere sumatzen beste toki batzuetako adinako saturazio mailetan gaudenik".

Nagore Espinosa azterketaren egileetako batek ere datu hori berretsi du gaurko azterketan: "Ez dago saturazio sentsaziorik. Guk bildutako datuen arabera, herritarren artean ez dago ezinegonik bisitarien kopuruarengatik; aldiz, haien balorazioa positiboa da".

Era berean, turismoaren alorrak, Retortilloren aburuz, "badu handitzeko tarterik Euskadin". Hori bai, sailburuaren ustez "turismoaren garapena hazkunde jasangarriaren irizpideetan oinarritu behar da".

"Gauza ez da soilik bisitarien kopuruari begira egotea", esan du. Turistek zer egiten duten ere "monitorizatu" behar dela uste Turismo sailburuak, "hazkunde orekatua lortzeko helburuarekin". Turisten fluxua banatzeko beharra aipatu du, "ez daitezen guztiak toki geografiko gutxi batzuetan elkartu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.