Eusko Jaurlaritzak ez du «oraingoz» aparteko paga kentzeko asmorik

Mendiak aitortu du «litekeena» dela Espainiako Gobernuak erabakitako neurria ezarri behar izatea

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuak onartutako azken murrizketak zalantzan jarri ditu Eusko Jaurlaritzak, Patxi Lopez lehendakariak bozak aurreratzea erabaki duen arren. Azken frontea langile publikoen aparteko paga da. Mariano Raxoiren gobernuak Gabonetan ordain hori kentzea erabaki zuen, eta Jaurlaritza ez dago ados. «Oraingoz, ez dugu kentzeko asmorik», ziurtatu zuen atzo Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren ondoren.

Lopezen gobernuak ez du iritzia aldatu, baina bai mezua. Kontra egon arren funtzionarioen ordaina murriztu beharko zutela ontzat jo zuen lehendakariak berak uztailaren 17an egin zuen agerraldian, oinarrizko legedia dela argudiatuta. «Nahitaez bete beharrekoa», adierazi zuen Lopezek orduan.

Astebete geroago, uztailaren 24an, murrizketen aurkako helegite sorta bat iragarri zuen Jaurlaritzak. Funtzionarioen pagari dagokionez, bi bide erabiliko dira. Lehenik eta behin, kontzertu ekonomikoak aurreikusitako bitarako batzordea bilduko da, Madrilekin aurrez aurre negoziatzeko. Emaitzarik ezean, Auzitegi Konstituzionalera joko du.

Mendiak ziurtatu zuen Espainiak onartutako lege dekretuak Jaurlaritzaren eskumenak urratu egiten dituela, «argi eta garbi». Nabarmendu zuen Zapateroren garaian estatuaren eskumena ziren alorretan —oinarrizko soldata eta antzinatasuna— ezarri zela murrizketa, eta orain ez dela gauza bera gertatu.

Edozein modutan, azken erabakia hartzeko unea atzeratu egin nahi du Lopezen gobernuak, eta azkenean funtzionarioak aparteko pagarik gabe utzi behar izatea «litekeena» dela onartu zuen Mendiak. Gabonetarako lau hilabete falta dira — zazpi aste hauteskundeetarako —, baina auzia argitzeko denbora badago, bozeramailearen ustez. Arabako Foru Aldundiak esana du funtzionarioei aparteko paga kenduko diela aurten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.