Langile publikoak

Eusko Jaurlaritzak funtzionarioen soldata %1,5 igotzea proposatu die sindikatuei

2018an aplikatuko litzateke igoera hori. ELArentzat "ez da serioa, %15ean murriztu delako erosteko ahalmena sektore publikoan".

Mahai Orokorraren bilkura, urte hasieran. JUANAN RUIZ /ARGAZKI PRESS
xabier martin
2017ko irailaren 29a
09:56
Entzun

Funtzio Publikoko Mahai Orokorra egin dute gaur, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek eta sindikatuek. Bilera hasi aurretik, ordea, Funtzio Publikoko sailburuorde Andres Zearretak sindikatuei proposatu behar ziena aurreratu du: %1,5eko soldata igoera 2018tik aurrera, eta Itzarri BGAEren ekarpenekin hastea. Langile publikoen soldataren %0,5 litzateke ekarpen hori, datorren urteko hamazazpi milioi euroko inbertrsioa. Euskal administrazioaren 70.000 langile publikori eragingo liekete hobekuntza horiek. 2017rako, ordea, %1 baizik ez du igo soldata Lakuak.

Zearretak esan duenez, negoziazioak hasi nahi ditu langileen ordezkariekin Itzarriren aplikazioaren xehetasunak adosteko. Espainiako Gobernuak 2012an debekatu zituen, eta datorren urteko urtarrilaren 1etik aurrera berriro pagatzen hasiko litzateke Jaurlaritza.

Horrez gain, Madrilek proposatu du langile publikoen soldata igoerak estatuaren BPGren hazkundearekin lotzea, baina Lakua proposamen horren aurka azaldu da, "era bat ". "Espainiako Gobernua saiatzen ari da, inolako arrazoirik gabe, gure langileen soldata estatuaren indikatzaile makroekonomiko horrekin lot dezagun. Baina indikatzaile hori aldakorra da, eta ez du islatzen halabeharrez euskal ekonomiaren benetako eboluzioa".

Aparteko lansaria

Halaber, Zearreta sailburuordeak aurreratu du lege proiektu bat prestatzen ari direla 2012ko aparteko lansariaren azken zatia 2017an bertan jaso dezaten langile publikoek. Azaroan edo abenduan jasoko lukete funtzionarioek duela bost urte jasotzeari utzi zioten lansariaren azken zatia. Neurri horrek 42 milioi euroko aurrekomtua luke, Zearretak azaldu duenez. "Behin betiko itxiko du Espainiako Gobernuak duela bi legegintzaldi sorrarazi zuen gatazka".

Lan Eskaintza Publikoei buruzko informazioa ere eman diete sindikatuei, gaur. 2020 Enplegu Planaren xehetasunen arabera, 13.500 izango dira Lakuak oposaketara aterako dituen lanpostuak.

ELAren erantzuna

ELA sindikatuak ez du seriotzat jo Lakuak egin duen proposamena, ez soldata igoerari dagokionez, ez lan eskaintza publikoan aterako diren lanpostu kopuruari dagokionez. "Sektore publikoko langileen eros-ahalmena %15ean murriztu dela kontuan izanik, soldatak %1,5 ean igotzeko proposamena ez da serioa", esa berri du Adolfo Muñoz idazkari nagusi duen sindikatuak.

Mahai Orokorraren esparruetan 17.500 lanpostu publiko inguru "suntsitu direla" gogorarazi du ELAk, "hiru langiletik bat behin-behinekoa da". Legealdi hau amaitu baino lehen 9.000 bat langile erretiratuko direla dio sindikatuak, "eta behin-behineko langileen plantilla 35.000tik gorakoa da".

Legealdi amaiera arte 10.000 lanpostuko EPE bat proposatu du Jaurlaritzak, "iadanik martxan baitago 3.500 lanpostutakoa Mahai Orokorraren eraginpeko esparruetan banatzeko”. ELAren ustez, proposamen horrek agerian uzten du gobernuaren apustua zein den: "euskal sektore publikoa desmuntatzea".

Beraz, sindikatu horrek ezetza eman dio Jaurlaritzaren proposamenari, eta Mahai Orokorraren esparruetan (Osakidetza, Irakaskuntza, Ertzaintza, Administrazio Orokorra, zerbitzu publikoak) azken urteotan galdu diren 17.500 postuak berreskuratzeko adinako enplegu publikoko eskaintzak eskatu ditu.

Soldata igoerak, adar jotzea

Soldatak %1,5 igotzeko proposamena ere erabat baztertu du ELAk. "Urkulluren gobernuak soldataren arloan egin duen proposamena adar jotze hutsa da. %1,5eko soldata-igoerak, jadanik %15eko galerak metatuta dituzten herri langileei beste galera bat dakarkie". Lakuak Itzarri BGAEren ekarpenak berriro egiteko proposamenari ere kritika gogorra egin dio. "Berantiarra ez ezik, 2011n finkaturiko ekarpena baino sei aldiz txikiagoa da". Ekarpenak baztertu zirenean, %3koa egiten ari zen Jaurlaritza; orain, %0,5koa egitea proposatu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.