Eusko Jaurlaritzako Lan Agintaritzak ukatu egin zion Cegasari200 langile baino gehiago behin betiko kaleratzeko baimena. Baina, urte amaiera bitartean haien kontratuak eteteko aukera eman dio. 203 langileri eragiten die neurriak, eta enpresak esan duenez, «lehenbailehen» jarriko du indarrean aldi baterako espedientea.
Gasteizen pilak ekoiztea ez dela errentagarria eta produktu horrek iaz 22,5 milioi euroko galerak eragin zizkiola ziurtatu zuen Cegasak aurreneko espediente eskaera oinarritzeko. Pilen ekoizpena beste norabait eramatea zen xedea, baina Jaurlaritzak ezetz esan zion. Orduan, bigarren espedientea aurkeztu zuen, kasu honetan aldi baterakoa. Produkzioa urte amaierara bitartean eteteko oztoporik ez du ikusi Jaurlaritzak.
Enpresa batzordeak oraingoz ez du erabakiari buruzko iritzirik eman. «Berez, pizgarri bidezko kaleratzeak eta borondatezko erretiro aurreratuak negoziatzen jarraituko dugu», adierazi du Juan Carlos Ramos enpresa batzordeko presidenteak. Kanpoko kontu ikuskariek pilen ekoizpenaren errentagarritasunari buruz egindako txostenaren emaitzak ez dituztela ezagutzen azaldu du. Datu horiek zer egin erabakitzeko «ezinbestekoak» direla dio.
Abisua ordu laurden lehenago
Aldi baterako ez, behin betiko kaleratu ditu langileak Cungusek, enpresa itxi egin baitu. Astelehenean, 06:00etan hasten zen txanda ehungintza enpresako langileentzat. Ordu laurden lehenago, 05:45ean, jakinarazi zion zuzendaritzak langile batzordeari enpresa itxi egin zutela. 45 lagun geratu dira lanik gabe.
1965etik zuen lantegia Cunburrek Cascanten (Nafarroa), eta iaztik zen txarra haren egoera. Hartzekodunen konkurtsoan zegoen apiriletik, eta eskaerak jaitsi egin zirela argudiatuta, 40 langile kaleratu zituen orduan. Aurtengo urtarrilean, greba egin zuten langileek, hiru hilabete zeramatzatela kobratu gabe eta aparteko lansaria ere ez zutela jaso salatzeko. Egun batzuk soilik iraun zuen protestak, zuzendaritzarekin ordainketak egiteko epe bat adostu zutelako. Harrituta eta haserre daude zuzendaritzak enpresa ixtea erabaki duelako.
Nafarroan bertan, Sakanako Laneko SAL enpresak hamabi langile kaleratu ditu. LABek salatu du enpresak ez duela inongo daturik eman langileak zergatik bidali dituen arrazoitzeko.
Cunburreko, Laneko SALeko eta herrialdean lanik gabe geratu diren beste guztien egoera salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo CCOOk eta UGTk. 400 lagun inguru elkartu ziren parlamentuaren aurrean, Enpleguaren eta babes sozialaren defentsan leloarekin. Nahiz eta krisia langileek ez sortu enpresaburuek egoerari aurre egiteko haien eskubideak murriztu nahi dituztela salatu zuen Juan Goyen Nafarroako UGTko idazkari nagusiak.
Nafarroan ez ezik, Gipuzkoan ere hainbat kaleratzeren berri eman dute. LABek jakinarazi duenez, Oiartzungo Catelsa autogintzako enpresak sei hilabeteko enplegu erregulaziorako espedientea aurkeztu du dituen 106 langileetatik 86rentzat. Sindikatuaren arabera, egoera ekonomikoa ez da izan lana jaistearen arrazoi bakarra. «Hutchinson multinazionalaren erabakiek eragin dute azken urteotako jarduera murrizketa, lan batzuk enpresako beste taldeetara eraman dituztelako». Halaber, Goiko Auton hainbat langile bidaltzen ari direla salatu dute ELAk eta LABek.
Eusko Jaurlaritzak onartu egin du Cegasaren enplegu erregulaziorako dosierra
Espedienteak 203 langileri eragingo die eta urtea amaitu bitartean egongo da indarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu