Eusko Jaurlaritzak urteko zorpetze handiena bideratua du dagoeneko

Arrisku sariaren igoerak ez dio oraingoz eragingo, gobernuak ez duelako laster finantza merkatuetara jotzeko asmorikEkonomiaren beherakada uste baino leunagoa izatea espero du Agirre sailburuak

Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Azkar mugitu da Eusko Jaurlaritza. Dagoeneko 2012, urterako baimendua zuen zorraren %62 jaulkita edo hitzartua du. Horrek esan nahi du ez duela aurki diru bila finantza merkatuetara jo beharrik izango. Egoerak lasaitasuna ematen dio Patxi Lopezen gobernuari, Espainiaren arrisku saria neurrigabe igotzen ari den aldean.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren arabera, otsailean eta apirilean 277 milioi euro biltzeko aginduak bideratu zituen Ekonomia Sailak. Ez ziren jaulkipen berriak izan, baizik eta aldez aurretik egindako batzuk handitu zituen. Horrekin batera, beste 480 milioi euroko mailegua hitzartua du EIB Europako Inbertsio Banku publikoarekin. Ohiko zor jaulkipenak garesti ateratzen dira, baina EIBren maileguaren interes tasak %2tik behera jarraitzen du.

2012. urterako 1.207 milioi euroko zorra jaulkitzeko baimena du gobernuak, orotara. 800 milioi inguru biltzeko baimena eman dio honezkero Espainiako Gobernuak.

Espainiako arrisku sariaren hazkundeak zuzenean eragiten dio Jaurlaritzari zorra saldu nahi duenean. Kalifikazio agentziek nota hobea ematen dioten arren, zor saltzaile ezohikoa eta ez oso ezaguna izateagatik gainsari bat ordaindu ohi du gobernuak. Gaur egungo zurrunbiloa zorra atera gabe igarotzea espero du orain.

Eustatek ekonomiaren egoerari buruz argitaratu dituen azken datuak aztertzeko agerraldia egin zuen Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun sailburuak. Barne produktu gordinaren emaitzek agerian utzi dute atzeraldian sartu direla berriro Araba, Bizkai eta Gipuzkoa. Ekonomiak atzera egitea espero zuen Agirreren departamenduak, baina erorketa bost hamarren txikiagoa izan da.

Atzeraldi leunagoa

Datuak ikusita, atzeraldia uste baino leunagoa izango da, Agirreren aburuz. «Hilabete barru aurreikuspenak zuzenduko ditugu, eta espero dut hobera izatea». Urte osoan barne produktu gordinak %1,3 atzera egitea da gobernuaren azken kalkulu ofiziala.

Europa mailan zalantzak nagusi dira, baina mezuetan norabide aldaketa sumatu du Agirrek, eta hazkundea bultzatzea posible ikusten du. EAEko ekonomiaren kasuan, Alemaniak lehen hiruhilekoan izan duen bultzada nabarmendu zuen. «Alemaniak emaitza ona izan du, eta guk merkatu horrekin harreman estua dugu. Kanpo sektoretik abiatutako susperraldi baterako aukera dagoela pentsa genezake». Esportazioetan ditu jarriak Lopezen gobernuak hazkunderako itxaropenak. Iaz marka guztiak gainditu ondoren, %2,3 jaitsi dira urte hasieran.

Hori bai, susperraldi hori ez da ez azkarra ez handia izango. Sektore batzuen egoerak kritikoa izaten jarraitzen du. Eraikuntzak, esaterako, lau urte baino gehiago daramatza erortzen. Urte osoa atzeraldian igaroko du ekonomiak, eta enplegua kolpatuko du. Eustaten arabera, 8.000 lanpostu inguru galdu ziren urtarrila eta martxoa bitartean

Bilketaren esperoan

Ekonomiaren gainbeherak berriro ere zerga bilketa hankaz gora jartzeko arriskuaz galdetuta, oraindik arinegi dela ziurtatu zuen Agirrek. Uztaileko likidazioa erabakigarria izan liteke. Oraingoz, 400 milioi euroko kredituak atxikita ditu gobernuak, bilketa amilduz gero ez gastatzeko. Madrilekin hitzartu den Finantzak orekatzeko planak beste 115 milioi aurrezteko inbertsio eta gastu murrizketa posibleak jasotzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.