Ekonomia

Eusko Jaurlaritzari "erabaki politikoa" iruditu zaio ELAk eta LABek Hobetuz "uztea"

"Inork ez ditu kanporatu, eurek erabaki dute joatea", esan du Iñaki Mujika Formazio Profesionalaren sailburuordeak. Bi sindikatuek "Madrilgo finantzaketa eredua onartu" izana egotzi diote Jaurlaritzari.

2007ko azaroaren 22a
14:37
Entzun
ELA eta LAB sindikatuek atzo salatu zuten Eusko Jaurlaritzak Hobetuz Fundaziotik "kanporatu" egin dituela biak, Hezkuntza Sailak "Madrilgo finantzaketa eredua onartu" duela-eta. Iñaki Mujika Jaurlaritzaren Formazio Profesionalaren sailburuordeak haiek Hobetuz "uztea erabaki politikoa" dela adierazi du gaur. "Eta inork ez ditu kanporatu, eurek erabaki dute joatea".

Mujikak esan du ELAk eta LABek lehengo urteko urrian utzi egin zutela Hobetuzen lehendakaritza, eta aurtengo uztaila arte "geldituta" egon dela erakundea. "Arriskuan jarri dituzte bertako 23 lanpostuak".

Hala ere, "Jaurlaritza ezustean harrapatu du haien erabakiak, baina berriro Fundaziora itzuliko diren itxaropena dugu", aipatu du Mujikak, prentsaurrekoan. "Izan ere, sindikatu garrantzitsuak dira eta gurekin egotea nahi dugu, etengabeko formazioaren alde lanean eta gehiengoen joko demokratikoei errespetua izanda". ELAk eta LABek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehiengo sindikala osatzen dute.

Jaurlaritzak "asko pentsatutako" jokabidea hartu du Hobetuzekiko, Mujikaren arabera, "eta zentzu handiz ari da jokatzen. Etengabeko formazioaren aldeko diru laguntzen deialdiarekin milaka lagunek baliatuko dute aukera". Espainiako Lan Ministerioak hogei milioi euro emango ditu horretarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.