Eusko Labela emango diete kontserba antxoei eta baserriko arrautzei

Labeldun jakien fakturazioa %15 igo eta 75 milioi eurora iritsi zen iaz

2005eko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Aurten Eusko Label izendapena jasoko dute beste bi produktuk: baserriko arrautzek eta kontserba antxoek. Kontsumitzaileek labeldun jakiak «asko» estimatzen dituztela eta, iaz, halakoen ekoizpena %15 handitu zela iragarri zuen Kalitatea fundazioko zuzendari German Muruamendiarazek atzo. Denera, 75,5 milioi euro fakturatu zituzten ziurtagiria daukaten nekazari, abeltzain eta arrantzaleek.

Hamabi produktuk jaso dute Eusko Label izendapena gaurdaino: behi-okelak, esne bildotsak, baserriko oilaskoak, Arabako patatak, Gernikako piperrak, Ibarrako piperminak, eztiak, babarrunak, esneak, tomateak, hegaluzeak eta baserriko ortuariek. Horien guztien fakturazioak gora jo zuen 2004an, baina batik bat arrainarenak, tomatearenak eta bildotsarenak.Muruamendiarazen arabera, «teknikariek ia 150.000 hegaluze eta hegalabur piezari eman zieten ziurtagiria, 2003an halako biri». Guztira, bi milioi kilo bereizi zituzten, «baina gehiago izan zitezkeen, herriko jaiekin batera ontzi guztiak portura batera sartuko ez balira». Aurten, beraz, Kalitatea fundazioak esperientzia berri bat jarriko du martxan: teknikariak joango dira ontzietan, arraina itsasoan bertan sailkatzeko.Bestalde, Muruamendiarazek jakinarazi zuen 2.500 tonara iritsi zela tomateen ekoizpena. «Marka handia», ekoizpena «hutsaren hurrengo» baitzen orain urte batzuk. Eta esne bildotsari dagokionez, adierazi zuen aparta izan zela iazko kanpaina. Geroko erronkei ere heldu zien.

Nazioartera begira

Nazioartera zabaldu gura dituzte salmentak. Madrilgo eta Bartzelonako jatetxeetara, besteak beste. Izan ere, «herritarrek oso gustuko dituzte labeldun produktuak, baina nekez kontsumitu ditzakete egunero».

Muruamendiarazek azaldu zuen 3.500 ustiapen daudela jatorrizko izendapen honi lotuta.Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ustiapen guztien %30, alegia. Aurten, gainera, belarretan aske hazitako oiloen arrautzak eta ohitura zaharren arabera landutako antxoak eskainiko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.