Argi berdea Nafarroan PPren neurrientzat. Iragan astean Espainiako Kongresuan PPk 65.000 milioi euroren murrizketak onartu ondotik, Nafarroako Gobernuaren jarrera inkognita bat izan da. UPN abstenitu egin zen Kongresuan, baina geroztik Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak deus gutxi esan du... atzo arte. Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean agerraldia izan du, eta oposizioko alderdiek espreski galdetu diote neurri horien kontra errekurtsoa aurkezteko asmorik baduen. Alabaina, izkin egin dio galderari. Ez daki, ez du erantzun nahi izan da haren jarrera. Dena den, UPNren borondate politikoa agerian geratu da: «Derrigorrezkoak diren neurriak ezarriko ditugu eta txosten juridikoak dioenaren arabera, helegitea jarriko dugu».
Eta zer dio txosten juridikoak? Ia neurri guztiak betetzea «ezinbestekoa» dela. Derrigorrezkoa, saihetsezina. Atal horretan sartzen dira BEZaren gaineko igoera eta gainerako zeharkako zergak, langabezia sariaren eta laguntzen murrizketa, merkataritzako ordutegien liberalizazioa eta funtzionarioen Eguberrietako aparteko sariak kentzea. Hartara, beste politika bat egiteko oso tarte txikia geratuko zaio gobernuari: errentaren gaineko zergan etxebizitza erosteko kenkariei eustea «errenta txikientzat eta kide askoko familientzat», jarduera profesionalei zerga atxikipena ez igotzea, edo langileak kontratatzeagatik kenkariei eustea.
Autogobernua urratzen zuelakoan, ekainean parlamentuak gehiengo handiz erabaki zuen PPk osasun eta hezkuntza arloan ezarritako bi dekretuen aurka helegitea aurkeztea. Auzitegi Konstituzionalak errekurtso hori tramiterako onartu du. Onartu duen lehena izan da.
Barcinaren agerraldiaren erdian izan dute albiste horren berri, eta oposizioak aukera baliatu du galdetzeko zergatik ez duen Nafarroako Gobernuak bere kabuz beste helegite bat jarri. Barcinaren erantzuna noria baten modukoa izan da: «Konstituzionalak desberdin pentsatuko du errekurtsoak aurkezten duenaren arabera? Parlamentuak jada errekurtsoa aurkeztu badu, zertarako gastatu dirua helburu bera lortzeko? Ez du zentzurik. Parlamentuak ez badu helburu hori betetzen, orduan bai, UPNk hartuko du iniziatiba. Betieretxosten juridikoek diotenaren arabera...». Eta argi dago zer dioen txostenak.
Eusko Jaurlaritza, prest
Bestelako jarrera bat irudikatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. Autogobernuaren defentsaren bandera astintzen dihardu azkenaldian Patxi Lopez lehendakariak. Gobernu kontseiluaren ostean, Idoia Mendia eledunak aurreratu du funtzionarioen aparteko sariaren eta mendeko pertsonei emandako laguntzen murrizketeiburuzko helegitea prest dutela, Auzitegi Konstituzionalean jartzeko. Hala ere, bide judiziala hartu aurretik, Jaurlaritzak Espainiako Gobernuarekin bildu nahi du. Hori bai, Mendiak aurreratu du «sei edo bederatzi hilabete» beharko direla. Ordurako, hauteskundeak izango dira.
Raxoiren neurriak. Erantzuna
Ez daki, ez du erantzun nahi
Nafarroako lehendakariak legebiltzarrean egindako agerraldian ez du zehaztu iragan asteko neurriei helegitea jarriko dien ala ezJaurlaritzak errekurtsoa prest du, baina ez du hauteskundeak baino lehen aurkeztuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu