Fagor Etxetresnak

Ezetz esan du Mondragonek

  "Jardueren errentagarritasuna nekez mantendu daiteke denboran zehar" esan du Arrasateko taldeak Edesako bazkideek aurkeztutako bideragarritasun planaz. Ohar baten bidez jakinarazi du bere azken erabakia: "Mondragonek baztertu egin du Konforteko negozioen bideragarritasun planean parte hartzea". Bere ahaleginak "soberan dagoen enplegu estrukturalerako irtenbideak sustatzera bideratzen" jarraituko duela ere esan du. 

Protesta gaur, Gasteizen. RAUL BOGAJO, ARP
xabier martin
2014ko otsailaren 14a
20:59
Entzun

Atzotik espero zena berretsi da: Mondragonek ez du parte hartuko Edesa-Geyser martxan jartzeko garatutako proiektuan. Ohar baten bidez jakinarazi du bere azken erabakia: "Mondragonek baztertu egin du Konforteko negozioen bideragarritasun planean parte hartzea". Argudioak berehala datoz: "Arrazoi nagusiak dira sektorea oso-oso lehiakorra dela, kontzentrazio maila handi dagoela, eta estatuko merkatua erabat ahulduta eta oso baldintzatuta dagoela, bilakaera teknologikoagatik, kostuen efizientziagatik eta merkatuaren exijentziengatik, produktuei eta fabrikazio prozesuei dagokienez".

Ez dago ezusterik, beraz; Edesaren proiektuaren bultzatzaileek atzo plan hori erretiratu zutela jakinarazi zieten langileei, baina ordurako Mondragonen erantzuna nondik nora joango bazekiten. "Korporazioaren iritziz, planaren azterketan oinarrituta, negozioaren errentagarritasuna nekez mantendu ahal izango da ingurune sektorial lehiakor horretan, eta ezin dakioke aurre egin planteatu den moduan", dio Mondragonek bere oharrean.

Halaber, taldearen ustez, sektorean lehiakorra izateko "beharrezkoa da enpresa talde handi baten babesa izatea, eskariaren eta jardueraren maila jakin bat mantentzeko, eta merkatuan lidergoa izateko".

Taldeak Fagor Etxetresnetako jarduerarik errentagarrienentzat "irtenbideak bilatzen laguntzeko borondatea eta konpromisoa izanik", ekimen horiei eman zaien babes korporatiboa izan da aurkeztutako proiektuen bideragarritasuna "aztertzea eta kontrastatzea", eta proiektua finantzarioki babestea, betiere enpresa "proiektu partekatua eta lehiakorra" izatekotan. "Korporazioa bere historian zehar horrela aritu izan da", dio taldeak.

Mondragonek jarraitu egingo duela bere ahaleginak "soberan dagoen enplegu estrukturalerako irtenbideak sustatzera bideratzen" dio, "elkartasunezko neurrien bitartez". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.