greziako krisia

Ezetzak irabazi du, botoen %61rekin

Espero zena baino alde handiagoarekin esan diote ezetz greziarrek hartzekodunen proposamenari. %60tik gorakoa izan da parte hartzea. Atenasen, jendetza irten da kalera ezezkoaren garaipena ospatzera, eta Europako Batzordeari akordiorako eskua luzatu dio Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroak. Gaur, EBZk Greziako egoera aztertzeko bilera egingo du; Merkel eta Hollande ere batzartuko dira, helburu berarekin.  Bihar, euroguneko ordezkariek egingo dute bilera.

Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa, botoa ematen. ARMANDO BABANI / EFE
jon olano
2015eko uztailaren 6a
09:17
Entzun

Greziak uste baino ezezko ozenagoa esan die gobernuarekin herrialdearen zorraz eta erreskateaz negoziatzen ari direnei. Hartzekodunen azken proposamena galdeketara eraman zuen Alexis Tsipras Greziako lehen ministroak, eta alde handiarekin irabazi du apustua. 11 milioi biztanlek zuten botoa emateko eskubidea, eta horietatik %60k baino gehiagok bozkatu dute, eta aise gainditu beharrezkoa zen %40ko muga.

Horien artean, hamar herritarretik seik esan diote ezetz hartzekodunen proposamenari (%61). Zundaketarik ezean, telefono bidezko inkestek eman dute emaitzen aurreneko irudia. GPOk telefonoz eginiko inkesta baten arabera, adibidez, %51,5 ziren ezetzaren aldekoak eta %48,5 baietzaren aldekoak. Beste hiru inkestak ere ezezkoa kokatu dute aurretik. Guardian egunkariak zabaldu duenez, Europako Batzordeko iturriek 8-10 punturen aldea espero zuten ezezkoaren alde. Denak geratu dira motz. Samara Velte kazetariak Atenastik egin du egunaren kontakizuna:

Goizean joan zen Alexis Tsipras Greziako lehen ministroa botoa ematera. Hautetsontziaren aurrean, egun garrantzitsutzat jo zuen erreferendumarena: "Europarrek kontuan izan behar dute duintasunez bizi nahi duen herri baten erabakia. Demokrazia beldurrari nagusituko zaio". Emaitzak eskuan, adierazpen instituzionala egin zuen. Nabarmendu zuen erreferendumak ez duela ez irabazlerik eta ez galtzailerik ere, eta erantsi demokrazia ezin dela mehatxatu "baldintza okerrenetan ere". Berretsi zuen ezezkoa ez dela Europako Batasuna apurtzeko botoa, eta erantsi: "Badakigu ez dagoela irtenbide errazik, irtenbide justu eta bideragarriak baizik".

Giannis Varufakis Greziako Finantza ministroak ere hitz egin zuen botoa ematerakoan. Ezezkoa nagusituz gero, akordioa 24 orduko epean lortzea posible ikusten du. Emaitzak eskuan, berriro hitz egin zuen hedabideen aurrean; haren esanetan, erreferendumaren emaitzari esker Greziako Gobernuak "lankidetzaren eskua luzatu" ahal izango die Europako kideei; Europako Batzordearekiko "jarrera irekia" hitzeman du, eta nabarmendu greziarren ezetza "Europa demokratiko eta zentzuzko baten aldeko baietza" dela.

Normaltasuna izan zen nagusi egun osoan. Eurorik gabeko Greziaren etorkizunaren beldur dira baietz bozkatu duten asko; austeritate neurriei ezetz esateko aukera ikusten dute ezetz bozkatu duten beste askok. Zenbaketak aurrera egin ahala, betez joan zen Atenasko Sintagma plaza, jendetza elkartu baitzen han ezetzaren garaipena ospatzeko.

Biharamuna, argitzeke

Testuinguru horretan, Bundesbankek ere bere ekarpena egin zuen bozketa egunean; Grezia eurogunetik irteteak Alemaniari galera handiak eragingo lizkiokeela ohartarazi du. Ez zen izan Alemaniatik hitz egin zuen bakarra; Aurrezki Kutxen Elkarteko buruak adierazi zuen Greziak eurogunearen arauak hautsi dituela eta herrialde horrek euroa erabiltzeari utzi beharko liokeela.

Ezer gutxi da ziurra gaurtik aurrera. Europako Banku Zentrala biltzekoa da Greziaren egoera aztertzeko, eta Greziako Gobernuko bozeramaile Gavriil Sakelaridisek jada jakinarazi du Greziako Banku Zentralak EBZri eskatuko diola larrialdiko likidezia handitu dezala. Halaber, Sakelaridisek adierazi du gobernuak berriro ekingo diela elkarrizketei hartzekodunekin, akordio bat "lehenbailehen" lortzeko: "Hasiko diren negoziazioak berehala amaitu behar dira; 48 orduko epean".

Francois Hollande Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra ere gaur arratsaldean batzartuko dira helburu horrekin. Bilduko ez dena Eurotaldea da; hala argitu diote bertako iturriek Reuters agentziari: "Ministroek ez lukete jakingo zertaz eztabaidatu".

Astearterako ere bada hitzordurik; orduan dira irekitzekoak bankuak, astebeteko corralito-aren ondoren. Horrez gain, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak bilerara deitu ditu Europako Batasuneko gobernuburuak, erreferendum osteko jokalekua aztertzeko.

Erreakzioak

Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak Atenasen teilatura bota du pilota; aitortu du greziarren gehiengoak ezezko botoa eman duela, baina ez du uste horrek Tsipras negoziatzeko posizio hobean utzi duenik. Izan ere, Schulzen esanetan, euroguneko kide ugarirentzat, hartzekodunen azken proposamena -greziarrek baztertu dutena- urrunegi zihoan jada. Hortaz, uste du Greziako Gobernuari dagokiola orain euroguneko gainerako herrialdeek onartuko duten proposamen bat egitea.

Demokrazia Berria oposizioko alderdi nagusiak gobernuari eskatu dio bere esku dagoen guztia egin dezala herrialdea lehenbailehen "normaltasunera" itzul dadin. Erantzukizunen unea heldu da alderdi horretara; urtarrilean hauteskundeak galdu ostean, bigarren porrota du erreferendumarena alderdi kontserbadoreak, eta Antonis Samaras alderdiko buru eta lehen ministro ohiaren dimisoa eskatu du Dora Bakoyanis alderdikide eta Finantza ministro ohiak. Samarasek berak agerraldi bat egin du iluntzean, eta iragarri alderdiko buruzagitza utziko duela.

Bestalde, Fofi Yenimata PASOKen buruzagiak Tsiprasi eskatu dio "konpromisoa bete" dezala eta 48 orduko epean akordio bat lor dezala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.