ekonomia

Ezkerraldeko "industriaren azken gotorlekua", arriskuan

Naval ontziolaren egoera salatu dute ehun bat langilek eta eskualdeko lau alkatek: martxoan bukatuko dute azken ontzia, eta hortik aurrera lan kargarik gabe geratuko dira. Hainbat mobilizazioren egutegia azaldu dute: hasteko, otsailaren 26an, lantokitik Santurtzirako bidea egingo dute protestan.

Naval ontziolako langileen gaurko agerraldia. ARP
Iñaki Larrañaga Aizpurua.
2014ko otsailaren 4a
15:10
Entzun

Bata bestearen atzetik. Modu horretan heltzen ari dira albiste txarrak Sestaoko (Bizkaia) Naval ontziolako langileentzat. Orain arteko lan karga txikia bazen —zortzi Lan Erregulazio Txosten daramatzate 2010etik—, egoera are gehiago okertu da Europako Batasunak ebatzi zuenetik legez kanpokoa zela ontziak finantzatzeko sistema (tax lease izenekoa). Ez dute kontratu berririk jaso ordutik, eta lan kargak bukaera epe bat dauka: aurtengo martxoa. Momentu horretatik aurrera, eta lan berriren bat iristen ez den bitartean, lanik gabe geratuko dira.

Egoerari aurre egiteko eskatu diete langileek zuzendaritzari, Eusko Jaurlaritzari, alderdi politikoei eta jabeei. Ez dira bakarrik egon. Ezkerraldeko lau alkateek —Sestao, Barakaldu, Santurtzi eta Portugaletekoak— beren babesa eskaini diete. Agerraldian izan dira langileen artean.

“Zuzendaritzaren kudeaketa on baten faltak, eta jabeen benetako konpromiso ezak gaur ontzi gehiago eraikitzeko kontraturik ez izatea bultzatu du”, azaldu du Jose Pedro Gonzalez langileen batzordeko presidenteak. Adierazpen horiek egin aurretik, lantegiaren zuzendaritzako kideekin batzartu dira. Hala ere, ez dute nabarmentzeko berririk jaso. Gonzalezen arabera, betiko kontua da: “Aspalditik diozkue zerbait kontratatzekotan daudela, baina tax leasearen afera ixten ez den bitartean, inbertsoreek beldurra daukatela argudiatzen dute”.

1.500 lanpostu

Aldi baterako eta finkoen artean, 1.500 lanpostu eragiten ditu Sestaoko ontziolak. Egoera larri horrek “industriaren azken gotorlekuaren” eraispena eragin dezake, baina hori gertatu aurretik, langileek beren eskuetan daukatena egiteko prest agertu dira. Helburu horrekin, moblizazio egutegi berria prestatu dute aurrerantzean. Lehen mobilizazioa datorren 26an egingo dute, lantegitik Santurtzira arteko ibilbidea eginez.

Egoera guztiz kontrakoa da beste euskal ontzioletan. Sestaokoa lan kargarik gabe geratzekotan dagoen bitartean, beste ontziolek beren etorkizuna bermatu dute epe batez. Izan ere, Murueta enpresa lau atunontzi eraikitzen ari da gaur egun Erandion eta Muruetan (Bizkaia), eta Bretainiako beste enpresa batentzat beste bi egiteko enkargua jaso berri du. Santurtzi eta Pasaiako Zamakonak beste bost eraikiko ditu bi lantegietan, eta Balenciagak (Zumaia) beste sei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.