2012ko ekainaren 28a
00:00
BANKU BATASUNA
• Finantza sistemaren araudia bateratu eta kontrola zentralizatu nahi dute. Alde batetik, ikuskatzaile bakar batek Europako Batasuneko finantza erakunde guztiak kontrolatuko lituzke eta, baten batek arazoak baditu, baita esku hartu ere. Bestetik, bi funts sortzea planteatu dute: bata bezeroen gordailuak babesteko; bestea bankuren batek arazoak baditu, diruz laguntzeko. Dirua bankuek jarriko lukete eta herrialde bateko funtseko dirua nahikoa ez bada, beste herrialdeetakoek lagunduko lukete.
BATASUN FISKALA
• Erabakiak hartu dituzte, Europako Zerga Itunean: defizit publikoak legez mugatu —ia debekatu—, zorra gutxitzeko konpromisoak ezarri, defizita zuzentzeko neurriak aurreikusi eta muga gainditzen dutenentzako isunak zehaztu. 2013tik aurrera jarriko dute indarrean, gehienek onartzen badute. Gehiago nahi dute: Eurotaldean hitzartzea herrialdeen gastuen eta zorpetzearen mugak. Herrialde batek gehiago zorpetu nahi izanez gero, gainerakoen baimena beharko luke, aurrekontuak aldatzearen truke.
BATASUN POLITIKOA
• Gainerako batasun ahalegin guztiak biltzen ditu. Bankuen batasunak, batasun fiskalak eta aurrekontuen batasunak herrialdeek burujabetza gehiago galduko dutela esan nahi baitu. Herritarrei eragiten dieten erabakiak gero eta gehiago hartuko direla Bruselan. Herritar askorentzat eskubide sozialen murrizketak agindu eta inposatu dituen erakundea baino ez da Europako Batasuna, hegoaldeko herrialdeetakoentzat batez ere. Van Rompuyk dio herritarren babesa «eraiki» eginbehar dutela.
BANKUEN ERRESKATEA
• Espainiak, Frantziak eta Italiak nahi dute Europak erreskateak zuzenean finantza erakundeei eman ahal izatea: herrialdeetako gobernuetatik pasa gabe; herrialde horien zor publikoan eta defizit publikoan eraginik izan gabe; eta baldintzak finantza erakundeei bakarrik ezarrita, ez herrialdeei. Espainiari emango dioten erreskatean gobernuarena da dirua bueltatzeko ardura. Alemaniarentzat pentsaezina da Europak arriskuak hartzea, baina laguntza jasotzen duten herrialdeek ardurarik edo baldintzarik ez izatea.
EUROBONUAK
• Gatazka gehien sortzen duen neurria da. Funtsean, herrialdeek zor bonu bateratuak jaulkitzea esan nahi du: arazoak dituzten herrialdeentzat zorra jaulkitzea merkeagoa litzateke; ondo daudenentzat garestiagoa. Arriskuak eta gastuak partekatzea esan nahi du. Alemaniak ez du amore emango. Luzera begirako neurria iruditzen zaio. Onartzekotan, batasun ekonomikoa eta fiskala gorpuztu eta gero onartu beharrekoa. Hala ere, erdibideko formulak aipatu izan dituzte, baita Merkelen aholkulariek ere.
ZORRA EROSTEA
• Mario Monti Italiako lehen ministroaren proposamena da: erreskate tresnek —EFSF behin-behinekoak eta ESM iraunkorrak— herrialdeen zorra erostea zorraren bigarren mailako merkatuetan, arrisku saria jaisteko eta herrialdeek zorra baldintza samurragoetan jaulkitzeko, Espainiak eta Italiak batez ere. Erreskate funtsek zorra eros dezakete, baina ez dute egin, herrialdeen baimena behar dute. Alemania kontra dago. Zorra erostearen truke herrialdeek Europak agindutako neurriak onartu behar dituzte.
HAZKUNDEA
• 130.000 milioi euro, Europako Batasunaren BPGaren %1. Kopuru handia, baina ez berria. Alemaniak, Espainiak, Frantziak eta Italiak 130.000 milioi euroko plan bat hitzartu dute, ekonomiaren hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko. Dirua egiturazko funtsetatik, Europako Inbertsioen Bankutik eta azpiegituretarako zor bonuak jaulkita lortu nahi dute. Ia diru gehiago jarri behar izan gabe. Dirua zertan gastatuko den jakitea falta da. Lau herrialde horien babesarekin, zaila izango da plana atzera botatzea.