Ezustean, interes tasak %1,25era jaitsi ditu Draghik

EBZk ohartarazi du urte amaieran «atzeraldi ahul bat» egon daitekeela, eta horrek eragin du diruaren prezioa merkatzeaDraghik dio herrialdeen zorra erosteko plana «ezohikoa, mugatua eta arrazoizkoa» dela

Miren Garate.
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Ekonomia geldialdi zantzuekin, eurogunea inoiz baino zatituago eta Grezia egunez egun merkatuak asaldatzen dituen erabakiak emanez. Panorama horrekin hartu du Europako Banku Zentraleko presidentetza Mario Draghi italiarrak. Hura ere ez da atzean geratu. Asteartean hartu zuen Jean Claude Tricheten lekukoa, eta atzo zuen lehen bilera. Interes tasak %1,5etik %1,25era jaitsiz estreinatu da, eta abenduan gauza bera egitea ere ez du baztertu.

Sekulako sorpresa eragin du EBZren erabakiak. Adituek pistak espero zituzten Draghiren ahotan, hurrengo bileran edo urtarrilean etorriko zela aldaketa, baina ez hain azkar. Kritika andana eragin zezakeela ere bazekien Draghik, italiarra izaki, bere herrialdeari laguntzea leporatzeko aukera zegoelako. Halere ez da kikildu, eta lehen aukeran jaitsi du diruaren prezioa —orain arte inork ez zuen halakorik egin lehen bileran—. Hilabete askoan %1ean egon ostean, aurtengo apirilean %1,25era igo zituen interes tasak Trichetek. Ekonomia hazkunde zantzuak ematen ari zen, eta azkar etorri zen bigarren igoera ere. Uztailean %1,5era pasa ziren interes tasak.

Gerora, azkarregi jokatu izana leporatu zaio Tricheti, eta akatsa zuzendu nahi izan du haren ondorengoak.

Aho batez hartutako erabakia izan dela adierazi du. Arrazoiei buruz galdetuta, esan du finantza merkatuetako tentsioek hazkunde ekonomikoa eragotziko dutela aurtengo bigarren zatian eta baita epe luzeagoan ere. «Ikusten dugu atzeraldi ahul bat egon daitekeela urte bukaeran».Alarma seinaleak banan bana aipatu ditu: eskaeren jaitsiera mundu mailan, finantza ezegonkortasuna, ekonomiaren bilakaera txarra, ezohiko zalantza egoera, eta finantza merkatuetako arriskuek ekonomia errealari eragiteko aukera.

Abenduaren 8an emango ditu EBZk hazkunde prebisioak, eta Draghiren arabera, aurrez egindako kalkuluak baino baxuagoak izango dira ziurrenik.Euroguneko barne produktu gordina %1,6 haziko dela esan zuen irailean, orain %1,3ra jaitsi daiteke aurreikuspena. «Testuinguru horretan, prezioen gaineko presioa, kostuak eta soldatak neurrian mantendu behar lirateke; gaurko erabakiak hori hartzen du kontuan».

Inflazioa jaisteko itxaropena

Inflazioa kontrolatzea da EBZren zeregin nagusia, argi geratzen zen hori Tricheten hitzaldietan. Draghik ere prentsaurrekoan gehien errepikatu zuen hitza izan zen. Halere, prezioen ezegonkortasunaren eta geldialdi arriskuaren artean, momentuotan bigarren hori konpontzeak duela lehentasuna erakutsi du Draghik. EBZren helburua da %2tik behera mantentzea inflazioa. «Posible da hurrengo hilabeteetan kopuru hori gainditzea, bainadatorren urtean jaitsi egingo da». Eurostatek atzo emandako datuen arabera, urrian %3koa izan zen, irailean bezala.

EBZ azken hilabeteetan hartutako ezohiko neurriei buruz ere hitz egin du EBZko presidente berriak. «Ezohikoak, mugatuak eta arrazoizkoak» direla dio. Udan, herrialdeen zor publikoa erostea erabaki zuen banku zentralak, arriskuan diren herrialdeei laguntzeko asmoz. Planak ez zuen zuzendaritzako kide guztien oniritzia izan. Ezadostasunak medio, dimisioa eman zuen Jürgen Stark ekonomista buruak. Alemania ere aurka agertu zen.

Tricheten ordez Draghi jarri izanak ez ditu gauzak aldatu, eta Italiaren eta Espainiaren bonoak erosten jarraitu du aste honetan EBZk. Europako Finantza Egonkortasunerako funtsa bigarren mailako merkatuan esku hartzen hasten denean eten daiteke programa. Horrez gain, datorren hileean covered bonds deritzenak erosten hasiko dela iragarri du EBZk. Bankuek jaulkitako zorra da hori, eta bermatua dago hipoteka maileguenedo administrazio publikoen zor bidez.

Behin baino gehiagotan esan du Draghik Tricheten ildoari jarraituko diola. Hark egin ohi zuen bezala mezua igorri die gobernuei eta bankuei. Herrialderik «ahulenei» hartu beharreko aparteko neurriak hartzeko prest egon daitezela agindu die. Lan merkatuetan ere «doiketak» eskatu ditu.

Merkatuetan ez ezik, herritarrengan ere izango ditu ondorioak interes tasen jaitsierak. Printzipioz, Euriborra ere jaitsi egingo da eta hipotekak merkatu. Hala, kontsumitzaile elkarteek txalotu egin dute erabakia.Europako Sindikatuen Konfederazioa ere ados agertu da. Halere, jaitsiera handiagoa eskatu du Bernadette Segol idazkari nagusiak.

Burtsei dagokionez, zenbaki berdetara eraman ditu Draghiren iragarpenak. Gorakadak izan dituzte guztiek: %2,81 irabazi du Frankfurtekoak, %2,73 Parisekoak, %1,63 Madrilekoak eta %1,12koa Londreskoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.