"Erritmo oso txikian" eta "langile gutxi batzuekin", baina gaur goizetik eltzeen ekoizpena hasi du Eskoriatzan (Gipuzkoa) Fagor Etxetresnen jabe berriak, CNA taldeko Cata konpaniak. Gaur lanean ari diren langile gehienak "berriak" direla azaldu du konpainiak, eta horregatik ari direla serie txikiak egiten, lantaldea trebatzen hasteko. Fagor eta Splendid markako etxetresnak egingo dituzte bertan.
CNA taldeak Fagor Etxetresnetarako iragarritako 155 laguneko "errekrutatze planetik" datoz. Gehienak kooperatibista ohiak dira, baina badira sektorean esperentzia handia duten bestelako langileak ere.
Konpainiak datorren astean, astelehen edo asteartean jarri nahi du produkzioa martxan Garagartzako (Arrasate, Gipuzkoa) plantan ere. Kataluniako taldeak 38,5 milioi euroren truke erosi zituen Fagor Etxetresnen aktiboak, eta beste 4 milioi euro ordaindu zituen Mondragon taldeko kooperatiba ohiaren kreditu zorra ere bereganatzeko.
CNA taldeko zuzendaritzak iragarri du dagoeneko presio eltzeentzako eskari ugari dituztela, batez ere "nazioarteko bezero handien artean".