Epea amaituta, hiru enpresak aurkeztu dituzte Fagor eta Edesa erosteko eskaintzak. Txiletik etorri da azken ordukoa. Hango Ecomac taldeak zazpi milioi euro eskaini ditu Edesaren truke, eta ehun lanpostu sortuko lituzkeela iragarri du.
Aljeriako Cevitalek, berriz, 18 milioi euro eskaini ditu Fagorren truke, eta iragarri du 1.300 lanpostu mantenduko dituela, horietatik 300 zuzenak.
Mahai gainean dago Kataluniako Catarena ere. Hark diru gutxiago eskaini du, 16,2 milioi, baina lanpostu gehiagori eutsiko diela nabarmendu du, 1.397ri zehazki. Generalitatearen babesa du Cataren proposamenak. Hala jakinarazi zion Generalitateak berak Donostiako Merkataritza Arloko Epaitegiari. Enpresaren "ibilbide sendoa eta kaudimen maila" goraipatzen zuen ohar bat bidali zion.
Laugarren eskaintza ere egon daiteke, Poloniako ekoizle batek egina.
Ekainaren hasieran abiatu zen Fagor Etxetresnen enkantea, eta orduan finkatu joko-arauak. Jarduerari eustea eta ahalik eta enplegu gehien mantentzea da Malagon epailearen helburua, baina baita konkurtsoaren interesa babestea ere, alegia, ahalik eta zor gehienak pagatzea.
Epaileari dagokio orain azken erabakia hartzea.