Fagor Etxetresnak taldeak galerak izan ditu, hirugarrenez

Irabaziak izan ditu Frantzian eta Polonian, baina galerak Espainian, eta guztira 25,7 milioi euro galdu ditu

Erredakzioa
Donostia
2012ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Fagor Etxetresnak taldeak hiru urte daramatza jarraian galerak izaten: iaz, 25,7 milioi euro galdu zituen; 2010ean, 9,87 milioi euro eta 2009an, 19,98 milioi euro. 2010ean, 2009ko zuloa txikitzea lortu zuen, baina iaz berriro handitu zuen. 2008an, 121.000 milioi euro irabazi zituen, eta irabaziak %99 jaitsi ziren. Etxetresnen Europako Batasuneko bosgarren ekoizlea da.

Mondragon taldeko kooperatibak irabaziak lortu zituen Ipar Euskal Herrian, Frantzian (Fagor Brandt) eta Polonian (Fagor Mastercook); galerak, aldiz, Hego Euskal Herrian eta Espainian. Espainian etxetresnen merkatuak %14,4ko jaitsiera izan zuen iaz. 1.277 milioi euroren salmentak lortu zituen iaz, 2010ean baino %8 gutxiago. Aurten, salmentak %7 igotzea espero du.

Europako lerro zuriko etxetresnen merkatua (ikuzgailuak, ontzi garbigailuak, hozkailuak, labea...)azken hogei urteetako egoera okerrenean dagoela nabarmendu du Fagor Etxetresnak taldeak. Iazko bigarren seihilekoan egoera asko okertu zen, «merkatu nagusietan kontsumoa gutxitu zelako» eta «lehengaiak garestitu zirelako».

Fabian Bilbao Fagor Etxetresnak taldeko Linea Zuriko zuzendariak iaz BERRIAri esan zion Espainiako merkatua 1998ko kopuruetan dagoela. Krisiaren ondorioz, hamabi urteko irabaziak galdu dituzte, eta lauzpabost urte beharko dituzte krisiaren aurreko hazkundeetara bueltatzeko. 2007tik salmentak %60 jaitsi dira Espainian.

Emaitza txarrek neurriak hartzera behartu dute Fagor Etxetresnak: erdi mailako 1.619 lanpostu «doitu» behar izan ditu, horietatik 151 kooperatiban. Fagorrek nabarmendu du «elkartasun» eta «lankidetza» neurriak hartu dituela, «kostu sozialik gabeak», «kooperatiben DNAri esker». Neurri horien artean daude lan aurrerapenak gutxitzea, egutegiak malgutzea, erretiro aurreratuak hartzea eta beste kooperatiba batzuetara joatea. Lyongo lantegian (Frantzia), esaterako, etxetresnak ekoizteaz gain, bestelako lanak egiten hasi dira, 550 lanpostuei eusteko.

Fagor Etxetresnak taldeak gogoeta prozesua abiatuko du aurten, 2013-2016 plan estrategikoaren oinarriak zehazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.