Fagor Etxetresnen porrota ez da hainbestekoa izango azkenean Frantzian. 1.800dik gorako enplegu galera izan zitekeena, 400 lanposturena izango da gutxi gorabehera, Cevital talde aljeriarrak akordioa egin duelako Variance Technologies eta S20 taldeekin. Issad Rebraben konpainiak nahi ez zituen akitboen truke eskaintzak egin behar zituzten Nanterreko epaitegian bi talde horiek, baina orain eskaintza bakarra egingo dute hiru taldeek, eskaintza osoa, epaitegiak nahi zuen moduan. Horretarako atzeratu zuen likidazioa bosgarren aldiz joan den ostitalean. Bihar da epaileen eguna, Cevitalen eskaintza onartzen duen esateko eguna alegia. Albiste onak espero dituzte hala langileek nola politikariek, azken asteetan Madrilen eta Donostian Frantziako marken korapiloa askatzen buru-belarri ibili direnak.
Aizenay eta La Roche garbigailuak eta lehorgailuak ekoizteko plantek aurrera egiteko aukera dutela da azken finean albistea. Orleans eta Vendomeko lantegiak Cevitalek nahi zituenak dira, eta egosketa eta etxeresna txikien atalak bermatuta zeuden lehendik. Orain, berriz, Frantziako aktibo denak salbatzeko plana dago mahai gainean, nahiz eta lantoki guztiak salbatzeak ez duen ekarriko lanpostu guztiak salbatzea. Aizenayn 53 lanposturi eutsiko die Variance taldeak. S20 Industriesek, berriz, La Roche-Sur-Yonen eta Aizenayn bertan ere beste 170 lanposturi eutsiko die, Nanterreko epaitegiak hiru eragileen arteko eskaintza ontzat jotzen badu. 439 lanpostuetatik 220 salbatuko dituzte, beraz, azken orduko akordio horri esker. Cevitalek aurreratua du 100 milioi euroko inbertsioa egingo duela, batez ere, Vendomen eta Orleansen, eta 1.200 lanposturi eutsiko diela. Guztira, beraz, 1.420 langile ariko dira aurrerantzean Brandten, Fagor Etxetresnek 2005ean erosi zuen bera bezain besteko konpainian.
Sindikatuak pozik daude lurrikara handiaren ostean, egonkortasun pixka bat iritsiko delako, itxuraz, baina ez dute ahaztu Citel taldeko beste 420 lanpostu kolokan daudela, Lyonen. Garbigailuak egiten ziren han FagorBrandtentzat. Horiek horrela, aurreko ostiralean Pedro Malagon Donostiako epaileak Frantziako marken truke 25 milioi euro onartu izanak bidea zabaldu du Frantzian jardueraren zatirik handienari eusteko. Euskal Herrian likidazioa aurrera doa, eta epaileak agindu du likidazio planaren berri ematea Fagor Etxetresnen webgunean eta epaitegien publizitate euskarrietan. Hamabost egun barru Malagonek likidazio plan hori onartuko du, xehetasun batzuekin edo administratzaileek aurkeztu bezala, eta eskaintzak jasotzeko fasea iritsiko da azkenean. Frantzian bezala, Gipuzkoan eta Bizkaian ere plantak zabaltzeko aukera dagoen ikusiko da orduan.