BERRIAk jakin duenez, Fagor taldeak Edesa Industrialekin markak erabiltzeko egindako kontratua bertan behera uzteko demanda eskaera egin du Donostiako Epaitegian. "Markaren erabileraren eta posizionamenduaren gaineko konpromisoak ez betetzeagatik eta lanpostuak sortzeko konpromisoaren arabera adosdetutako akordio ekonomikoak ez ordaintzeagatik hartutako erabakia da", diote Fagor S. Coopen iturriek. Edesa Industrialek kontratuko betebeharrak "behin eta berriz" urratu dituela dio Fagorrrek bere demandan, eta horregatik hartu dutela epaitegira jotzeko erabakia. Edesa Industrialen konkurtso legeak eskumena ematen dio Fagor S.Cooperi konkurtsoko epailearen aurrean kontratua ebazteko ekintza gauzatzeko. "Aurrez zehaztutakoa ez betetzea, eta aurkeztutako bideragarritasun proiektuaren etorkizunerako proiekzioa kontuan hartuta, marka eta patenten erabilera ez da betetzen", Arrasateko taldearen ustez, eta horrela azaldu diote epaileari.
Fagor taldeak ez du oraindik erabaki bere marka hirugarren aktore bati utziko dion ala ez etorkizunean, baina garbi dauka CNA taldearekin egindako akordioa kaltegarria izan dela, haren adar Edesa Industrialen kudeaketa okerrak ez duelako soilik Edesa kaltetu; Fagor taldeko hainbat enpresetan ere eragina izan du. Beraz, zaila ematen du Fagor S. Coopek berriro bere marka ustiatzeko akordiorik egitea, nahiz eta Poloniako Amica taldeak Edesan ia 30 milioi euroko inbertsioa egiteko baldintza hori jarri duen. Edonola ere, hori argitzeke aldagaia da, eta epaitegitik dagoeneko jasotako Amicaren eskaintzaren inguruko informazioa aztertzen ari dira Fagorren.
2014an CNArekin egindako kontratuaren arabera, Edesa Industrialek konpromisoa hartu zuen urteko langile kopurua 350 baino txikiagoa ez izateko, eta hortik beherako edozein kopuru kontratua bertan behera uzteko arrazoia zen.
"Lanpostuak babesteko Fagor S. Coopek tasa ekonomikoak ezarri zizkion Edesa Industriali; 700 lanpostu baino gehiago sortzea aurreikusten zuen planak". Kopuru horiek betez gero, Edesa Industrialek marka erabil zezakeen ezer ordaindu gabe. "Enplegu mailako bere helburuak bete ezean, aldiz, aurrez hitzartutako kopuru batzuk ordaindu behar zituen marka erabiltzeagatik".
Bada, Fagor S. Coopeko Kontseilu Orokorrak kontratua ebaztea deliberatu du, "hitzartutakoa behin eta berriz ez dela bete eta Fagor markaren izen onaren eta egonkortasunarengan dituen ondorioak ikusita". Gainera, Fagor markaren izen ona eta merkatuko kokagunea mantentzea izan zen Edesari marka baliatzeko baimena emateko oinarrizko beste baldintzetako bat. Hori ere ez da bete.