Ekonomia

Fagorrek konkurtsoa eskatu du bere kooperatiba nagusiarentzat

Donostiako gizarte arloko epaitegian eskatuko du hartzekodunen lehiaketa, sozietate nagusiarentzat eta Fagor Ireland bere filialarentzat. Poloniako Mastercook eta Frantziako Fagor Brandtekin aurreko hilean egin zuen urrats bera. Datozen egunetan beste filial batzuek bide bera egin dute, Fagorrek CNMV merkatu arautzaileari esan dionez.

xabier martin
2013ko azaroaren 13a
16:20
Entzun

Astea amaitzerako egingo dute Fagor Etxetresnek hartzekodunen konkurtsora jotzeko eskaera lantegi guztientzat. Eskaera desberdinak egingo ditu kooperatibak. Gaur Fagor Etxetresnak sozietate kooperatiboarentzat egin du, eta Fagor Ireland Ltd. filialarentzat eskatu du konkurtsoa. Arrasaten dituen bi lantegiak, Bergarakoa eta Eskoriatza sartuko dira, bera,z hartzekodunen lehiaketan; Basauriko Edesa hurrengo batean sartuko da, eta hirugarrenean Azpeitiko Grumal.

Frantziako lau lantegiak dagoeneko hartzekodunen lehiaketan daude (urriaren 14tik), epaile baten kudeaketaren babesean, baina haien atal batzuk salba daitezkeela diote hala sindikatuek nola Frantziako hainbat agintarik, eta Birreraikitze Produktiboaren ministroak iragarri duen neurriak uste hori hauspotuko du seguruenera. 380 milioi euroko funtsa sortuko du Parisek diru publikoarekin arazoak dituzten enpresei laguntza emateko, eta horien artean Fagor-Brandt egon daiteke. Goiz da esateko funts horretatik dirua jasoko duen ala ez, eta jasoz gero zenbat har dezakeen Brandtek, baina euren helburuen artean dagoela esan du Arnaud Montebourg ministroak.

Elkarte berria

Behin hartzekodunen konkurtsoan sartuta, euren interesak ahalik eta ondoen defendatu nahi dituzte Edesan ekarpenak dituztenek ere. Hala, bihar elkarte bat sortuko dutela iragarri dute. "Kapitalaren edozein formatan kaltetuak" direnek osatuko dute, hau da, borondatezko ekarpenak, ekarpen bereziak edo parte hartzeak dituztenek. Batez ere erretiroa hartua dutenei nahiz erretiro aurreratua hartua dutenei eskatu diete parte hartzeko, "diru asko delako".

Dagoeneko badago Ordaindu izeneko plataforma bat ere. Edesakoek elkarrekin aritzeko proposamena egin diote, eta aztertu egingo dutela diote Ordaindukoek. Haiek ere bihar egingo dute bilera, Arrasaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.