Fagor Etxetresnak

Fagorreko 215 bazkide beste lanpostu batean jarri ditu dagoeneko Mondragonek

Arrasateko taldeak dio datozen sei hilabeteetan beste 500 bazkideri lanpostua emango diela taldeko beste kooperatibetan. Urtarrilaren 1etik aurrera, berriz, 300 bat erretiro aurreratu eskaniko ditu. Beraz, sei hilabete barru, 1.015 bazkide ingururi erantzuna emango die Mondragonek, Fagorreko porrota ezagutu zenean finkatu zuen helburuaren barruan.

Fagorreko langileen giza katea, Arrasaten, hilaren 12an. RAUL BOGAJO, ARP
xabier martin
2013ko azaroaren 22a
17:32
Entzun

Fagor Etxetresnetako 215 bazkide Mondragonen beste kooperatiba batzuetan ari dira lanean dagoeneko. Horrenbestez, Arrasateko taldeak enpleguarekin duen "konpromiso irmoa" gauzatzen ari dela esan du ohar batean. "Fagor Etxetresnen konkurtso aurrekoa deklaratu zenetik hilabete doi pasatu denean dagoeneko 200 bazkide baino gehiago beste lanpostu batzuetan aritzea lortu da".

Batik bat Industria arloko kooperatibek "erantzun ezin hobea" eman dute Fagor Etxetresnen krisiaren ondorioz enpleguan gertatutako soberakinei lanpostuak eskaini eta irtenbidea emateko, "eta datozen sei hilabeteetan 500 lagun gehiago beste lanpostu batean jar daitezkeela azaltzen duen plan bat zehazten ari dira".  Aurreikuspena, beraz, 750 bat langile bazkide lanpostu bat ematea da 2014ko maiatzerako. "Banaketa arlotik etorriko den esfortzu gehigarria zehazteko dago, eta lagungarria izango da arlo honek ere bazkideak hartzeko duen gaitasuna".

Horrez gain, Lagun-Aro EPSVko gaur egungo araudiaren arabera, aurreikusten da Fagor Etxetresnetako kolektiboan erretiro aurreratua hartu dezaketenen taldean 300 pertsona daudela. BERRIA-k aurreratu zuen urtarrilaren 1etik aurrera eskaniko zirela erretiro horiek, 55 urtetik gorakoen artean. 61 bete urte arte euren soldataren %80 jasoko lukete, urtean hamabi paga izanda. Bazkideen erretiroa laguntzen duten Mondragoneko kooperatibetan, langileek %80ko soldatarekin erretiratzen dira aurrez, baina hamabi ez, hamalau lansarirekin. Fagor Etxetresnetakoak, ordea, ez dute enpresa atzean izango euren pentsioa elikatzen, eta soldataren %60 ez jasotzeko, Lagun Aro EPSVaren batzar nagusiak mahai gainean dagoen proposamena onartu beharko du abenduaren 27an. Proposatzen den aldaketa onartuz gero, Fagorrekoek %80 jaso ahal izango dute, nahiz eta hamabi lansar jaso. Disoluzioan dauden enpreserako bazkideentzako jasotzen du adaketa EPSVaren proposamenak.

Mondragon taldeak, horrenbestez, "kooperatiben arteko elkartasunean oinarritutako erantzuna" eman nahi dio enpleguaren arazoari, lanpostu aldaketen eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, horrela, datozen hilabeteetan "irtenbidea eskaini nahi dio 1.000-1.200 pertsona inguruko kolektibo bati"

"Buru-belarri lanean"

Mondragon "buru-belarri" ari da lan egiten, Lagun-Aro EPSVren, Enplegu Bulego Korporatiboaren, Fagor Etxetresnen eta gainerako kooperatiben bitartez koordinatuta. "Gaur egun aukera guztiak baloratzen ari dira, bai aldi baterakoak bai behin betikoak, Fagor Etxetresnen krisiaren ondorioz soberan geratu den enplegua betetzeko aukerak sortzen laguntzeko".

Arrasateko taldeak dio, "iraganak abalatzen duela taldeak enplegua sortzeari dagokionez egindako bidea". Askotariko sektore eta merkatuetan presente daudela nabarmendu du , "eta hori bermea da epe ertain edo luzerako etorkizunean jarduera berriak eta, ondorioz, enplegu aukera berriak sortzen jarraituko dutela pentsatzeko". "Gure negozioak beren merkatuetan lehiakorrak izatea berez albiste ona izaten da beti", dio Mondragonen oharrak, "eta are gehiago oraingo egoeran, Fagor Etxetresnetan soberan geratu den enpleguari irtenbidea emateko aukerak eskainiko direlako".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.