FCC eraikuntzaren erraldoiaren zuzendaritza eta sindikatuak 1.143 langile kaleratzeko erregulazio dosierraren baldintzak negoziatzen aritu dira, Madrilen, azken egunetan, eta UGTk esan berri duenez, kaleratuen zerrenda txikitzea lortu dute, 1.143tik 842ra (%26 gutxiago). Dosierraren negoziazio mahaian CCOO (14 ordezkari), UGT (14) eta beste zazpi ordezkari egon dira. Enpresak egingo duen berregituraketaren zatirik handienak Madrilen izango du eragina. Katalunian ere langile asko utzi nahi dituzte kalean.
Euskal Herrian ere badu eraginik FCCren lan dosierrak. 34 dira guztira erregulazioan azaltzen diren euskal langileak, horietatik lau Nafarroan; baina ikusteko dago Madrilen egindako negoziazioak aldaketarik dakarkion euskal langileen egoerari.
Negoziazio epea ez da orandik amaitu; izan ere, bihar bilera egingo dute berriro. Enpresatik ateratzeko baldintzei dagokienez, akordioa lortzear daudela diote sindikatuek. 300 bat langilek aldez aurretiko erretiroen bidez enpresa uzteko aukera lukete, 58 urtetik gorakoek.
Sindikatuek diote konpainiaren aurreikuspenei erreparatuta dosierrak ez liekeela 732 langileri besterik eragin beharko. Gaur egun 3.820koa da lantaldea. Zuzendaritzak produkzioaren %40ko gainbehera aurreikusiko du eraikuntzaren sektorean aurtengo, 1.102 milioi euro arte.