INTERES TASAK

Fed-ek hamabigarrenez igo ditu tasak, inflazioa kontrolatzeko

Ustekabe handirik ez bada, Europako Banku Zentralak bere horretan utziko ditu bereak biharko bileran

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Analista guztiei arrazoi eman zien atzo AEBetako Erreserba Federalak, eta beste 0,25 igo zituen interes tasa ofizialak, %4ra arte. Ez dirudi, gainera, azken igoera izango denik. Diruaren prezioa %5era igotzea posible dela iragarri dute aditu batzuek, eta gainontzekoak ziur daude %4,5era helduko direla urtarrileko bileran.

Inflazioa neurrigabe ez igotzea da atzoko tasak hamabigarrenez jarraian goratzearen arrazoi nagusia. Diruaren prezioa igota, kontsumoa eta maileguak zertxobait apaltzen dira, eta eskari handiagatik prezioek gora egitea eragotzi egiten da. Inflazioa %4,7ra igo da azken hilabetean AEBetan, petrolioaren garestitzeagatik batez ere, baina baita beste produktu batzuengatik ere, Erreserba Federalak atzo nabarmendu zuenez. Irailean, urakanek Mexikoko Golkoko petrolio produkzioa eten zutenean, KPIk %1,2 egin zuen gora, azken 25 urteotako igoerarik handiena. Edonola ere, Erreserba Federalak ohartu du azpiko inflazioa (energiaren prezioak eta janari freskoenak aintzat hartzen ez dituena) «erlatiboki txikia» izan dela azken hilabeteotan. Epe luzera, inflazioa kontrolpean dagoela uste du Fed-ek.Adituek ere bat egiten dute Fed-en kezkarekin. «Katrina gainditu dugu, eta petrolioaren prezioek zertxobait egin dute behera, baina negua gogorra bada, berriro igoko dira», azaldu du David Wyssek, Standard&Poor-eko ekonomista buruak.Azken bi urteotan interes tasak igo izanak ez du AEBetako ekonomia gerarazi. Urteko hirugarren hiruhilekoan %3,8 hazi zen, bigarrenean baino 0,5 gehiago. Gerta liteke, ordea, Katrina eta Rita urakanek AEBetako hegoekialdean eragindako kalte izugarriek ekonomia pixka bat moteltzea.

Europako Banku Zentralak, ostera, bere horretan utziko ditu interes tasak biharko bileran. %2an daude 2003ko uztailetik, eta litekeena da maila horretan sartzea 2006an ere. Inflazioa arazo da Eurogunean ere (%2,5-era igo da), baina Alemania, Italia, Herbehereak eta hainbat herrialde pattal dabiltzanean, diruaren prezioa igotzeak hazkuntza aukerak murriztuko lituzke. Gainera, azpiko inflazioa dezente apalagoa da %1,5 Eurogunean eta hari ere arreta jartzen dio EBZk. Alemanian, esaterako, deflazioa arrisku handiagoa da, hots, prezioak jaistea.

Edonola ere, iritsi iritsiko da tasen igoera, datorren urtearen lehen erdian ziur aski. Hala ulertu du jada Euribor indizeak, eta urrian nabarmen egin zuen gora, %2,413ra arte azken bi urte eta erdiko maila gorena. Hego Euskal Herrian etxebizitza mailegu gehienak kalkulatzeko baliatzen den indize horrek aurretik erantzun ohi die interes tasa ofizialen igoerei.

DIBISAK



 

Eta dolarrak zer?





Interes tasen igoera mesede egiten ari zaio dolarrari, eta adituek hainbestetan iragarri dute amiltzea sine die atzeratzen ari da. AEBetan interes tasak Eurogunean (%2) eta Japonian (%0) baino handiagoak direnez, atzerriko inbertsiogileek dolarretan neurtzen diren bonoak eta aktiboak erosten jarraitzen dute, beste herrialdeetakoak baino errentagarriagoak direlako. Baina aurpegiaren beste aldea da estatubatuarrek beraiek inoiz baino gutxiago aurreztu eta inbertitzen dutela: BPGren %1,5 2002az geroztik. Bestela esanda, AEBetako ekonomia atzerritik etortzen den diruaren menpe dagoela, eta hilabetez hilabete, defizit hori handitzen ari dela. Horri gehitzen badiogu Gobernuak duena baino gehiago gastatzen duela, defizit bikien mamua handitzen ari da.

Noiz arte iraungo du egoerak, ordea? Teoriak dio egunen batean amaituko dela, dolarra asko erortzekoarriskuagatik atzerriko inbertsiogileek alde egin eta dolarra amildu egingo dela. Horrekin, AEBetako ekonomiak sekulako kolpea jasoko luke, eta harekin batera beste askok. Baina, errealitatea analisi hori ukatzen ari da: dolarra %10 indartu da aurten euroarekiko. Economist astekariak, esaterako, dolarraren erorketa iragarri zuen urte hasieran. Igo egingo dela dio azken alean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.