Ferroforma, geroari begira

Atzodanik larunbatera arte burdindegiko azken berrikuntzak ikusteko aukera izango da Barakaldon, BEC erakustazokan. Sektoreak atzean utzi nahi du krisia, eta nazioartera hedatu.

Altzarietarako eta halakoetarako gurpilak, Ferroformaren stand batean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Barakaldo
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Zulagailuen hotsa, altzairua mozteko zerrek sortutako soinu eta txinpartak, aukera mugaezinak ematen dituzten makinen erakusketak edota eskailera eta aldamioak ikusi ahal izateko erakuslekuak. Hori eta gehiago ikusi ahal izango da BECen larunbatera arte zabalik egongo den Ferroforma azokan. Aurtengo azokak «iragana eta etorkizuna bereizteko» balio izatea nahi dute antolatzaileek, krisia dela-eta aurreko azokan, 2009koan, beherakada nabarmena sumatu baitzuten.

Antolatzaileek goranzko bidea hartu nahi duten arren, aurreko azokan baino 200 enpresa gutxiagorekin ekin diote azokari. «Enpresa ugarik ezin izan diote krisiari aurre egin, eta, horregatik, aurrekoan etorri ziren enpresa asko aurten ez da egongo», zioen Jose Miguel Corres-ek, BECeko kontseilari ordezkariak. Merkatuaren joerak ere aldatzen ari direla azpimarratu du, eta «enpresa askok bat egitearen aldeko apostua egiten dute gero eta gehiago».

Horretaz gain, burdindegiaren sektorean egingo den feria garrantzitsuena balitz bezala ekin diote. Kolonian (Alemania) sektorean egiten den Practical World feriaren ondoren dator berez Ferroforma, baina 2008an akordioa lortu zuten bi azokek, eta orduz geroztik urte bakoitietan Bilbon egiten da Europako burdin gauzen feriarik garrantzitsuena.

Nazioarteko ordezkaritza

Ferroforman egongo diren 567 enpresetatik %51 Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpokoak izango dira, denetara 29 herrialdetatik etorritakoak. Azoka, hala ere, euskal enpresak nazioartean zabaltzeko aparta dela adierazi du Bernabe Undak, Industria sailburuak. «Une honetan Espainiak ez du ezer erosten, eta hori dela eta, azoka honen helburua atzerriko herrialdeetan ezagutaraztea eta etorkizuneko enpresen arteko akordioak lortzea da», Corresen hitzetan. Hori horrela izan dadin, 40 herrialdetako 300 gonbidatu ekarri dituzte azokara, euren erosketekin sektorean eragingo duten pertsonak izango direlakoan.

Bakoitzak bere helburua

Atzo izan zen nazioarteko azokaren lehen eguna, eta hori dela eta, erakuslekuetako ordezkariek ez zuten azterketarik egin nahi izan. Hala ere, bakoitzak bere helburuekin eta ikuspuntuarekin egin du Barakaldorainoko bidea. «Aukera ona izango da hau guretzat», esan du Carmen Alvarezek, Svelt enpresa italiarreko ordezkariak. Aldamio eta eskailerak egiten dituzte. «Orain arte etorri izan garen bost aldietan beti kontsulta eta kontaktu ugari lortu izan ditugu, ondoren negozio bihurtu direnak».

Kataluniako IPCkoak ere antzeko asmoarekin inguratu dira Ferroformara. «Era honetako azokak aproposak dira norberaren burua ezagutzera emateko», esan du Jaime Balparda ordezkariak.

JMA Arrasatekoak etaRoentgen Alemaniakoak, ordea, beste estrategia bati erantzuten diote. «Espainian %90eko kuota daukagu, eta hemen ez dugu ezer berririk egingo. Hala, gure egoera mantentzera gatoz gu», dio Mikel Balerdik, JMAko ordezkariak. Sektorean ezagunak diren enpresek, gainera, askotan betebeharra balitz bezala hartzen dute halako azoketara joateko ardura; «egonez gero, ikusi egiten baitzaituzte, eta, bestela, zalantzak sortzen dituzu», Jon Alegria Roentgen enpresako arduradunaren arabera.

Azokaren funtzioa, ezbaian

Gisa honetako azoken balioa auzitan jarri du Sveleko Carmen Alvarezek. «Gaur egun fabrikatzaileok gure produktu berrien berri emateko ez gara azoketara etortzeko zain egoten, Interneten bidez ematen dugu horien informazioa», esan du. Roentgeneko Alegriak ere uste bera du. «Era honetako azokak soberan ikusten dira, normalean gu joaten baikara banatzaile handiengana, eta ez alderantziz».

Iritziak iritzi, Ferroforma «sektorean berriz erreferente izateada asmoa», Corres BECeko buruaren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.