Ferroserrek SMS bidez eman du espedientearen berri

LABek salatu du enpresak «presaka, alde bakarrez eta modu irregularrean» aplikatu duela dosierra

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Michelinek aurkeztutako erregulazio espedientea eragina izaten ari da inguruko enpresetan ere.Ferroserrek ere —haren mantentze lanez arduratzen da— erabaki du dosierra aplikatzea; LABen arabera, «presaka, alde bakarrez eta modu irregularrean». Langileei SMS bidez esan die lanera ez joateko.

Ferroserrek Gasteizen duen lantegian ehun langile inguru aritzen dira. Guztiei eragingo die espedienteak, baina enpresak erabakiko du, beharren arabera, zenbat langile ariko diren garai bakoitzean. Sindikatuak Ferroserren «fede txarra» salatu du, langabezia saria jasotzeko eskubiderik ez dutenak eta 56 urtetik gorakoak ere sartu dituelako espedientean.

Gaineratu duenez, akordio bat lortzea gertu zegoen dosierrari buruzko negoziazioetan, soldataren osagarri bat adostea soilik falta zelako. «Zuzendaritzak, ordea, kontsultak amaitutzat eman zituen epea amaitu baino lehen. Langile batzordeak bukaera akta sinatu ez zuenez, lekuko baten sinadurarekin aurkeztu zuen enpresak». Eta Lan Zuzendaritzak onartu egin zuen. LABentzat, oso larria da hori, «enpresei atea ireki dielako nahi dutenean kontsultak amaitzeko». Lan ikuskaritzaren jarrera ere gaitzetsi du, enpresaren irregulartasun guztiak onartu dituelako, langile batzordearen salaketak atzera botata.

Ferroserreko eta Arabako beste hainbatenpresatako egoera salatzeko, manifestazio bat egingo du sindikatuak ostegunean, 19:30ean, Bilbo plazatik hasita.LABentzat, ezinbestekoa da Euskal Herriak tresna juridiko propioak izatea lan harremanak arautzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.