Porrotari ihes egitea lagun diezaiokeen zaldun zuria Italian topatu du Chryslerrek. Akzioen %35 doan eman egin dizkio Fiati, bi enpresek banaketa sarea eta zenbait auto batera ekoizteko aukeraren truke.
Teorian, akordioak abantailak baizik ez ditu bi autogileentzat. Chryslerrek AEBetan dituen milaka kontzesionarioak erabili ahal izango ditu Fiatek bere kotxeak saltzeko. 1983an utzi zuen Fiatek AEBetako merkatua, kalitate arazo handiak baitzituen. Baina Fiatek uste du orain lekua izan daitekeela bere kotxe txiki eta kontsumo gutxikoentzat -bereziki Fiat 500entzat- edo Alfa Romeo kirol autoentzat. Kotxe horiekin dirua egiteko, ordea, fabrikek AEBetan bertan egon beharko dute, eta hori lortu du atzoko akordioarekin.
Arrisku gutxihartu ditu Turingo konpainiak: Chryslerren akzioak musu truk lortzeaz gain, ez du inolako konpromisorik etorkizunean AEBetako ekoizlean inbertitzeko.
Chryslerrek, berriz, Fiatek Europan, Txinan eta Hego Amerikan daukan banaketa sarea baliatu ahal izango du. Italian, esate baterako, 18.000 kotxe baizik ez zituen saldu iaz, merkatuaren %0,84.
Baina, batez ere, Fiaten auto txikien plataformak eta gutxiago kutsatzen duten autoak egiteko teknologia eskuratuko ditu. Izan ere, AEBetako Gobernuaren laguntza jasotzeko baldintzetako bat da auto garbiagoak egitea. Hilabete hasieran 4.000 milioi dolarreko mailegu federala jaso zuen Chryslerrek, baina martxoaren 31ra arteko epea dauka konpainia errentagarria izan daitekeela erakuts dezakeen plana Washingtonen aurkezteko. Fiaten eskutik, Chryslerren etorkizunak ez dirudi hain kolokan, eta aukera handiagoak ematen dizkio AEBetako Gobernuaren laguntza gehiago eskuratzeko.
Fiatek Chryslerren akzioen %35 eskuratu ditu, musu truk
Bata bestearen salmenta sarea erabiltzeko eta elkarren artean teknologia trukatzeko akordioa lortu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu