Mundu osoarentzat posible izan ez zena Europako Batasunaren barruan soilik ezartzen saiatuko da Europako Batzordea: finantza eragiketen gaineko tasa. Horretarako nahiko sostengu izango duen ez dago batere garbi, Alemania eta Frantzia aldekoak izan arren. Tasa horren helburu nagusiak dira epe laburreko espekulazioahain erakargarri ez egitea, eta horrek dakartzan arriskuak gutxitzea.
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak onartu egin zuen atzo G20ko taldeko beste kideek ez zutela «gogo onez» hartu transakzioak zergapetzeko aukera. Horrek bertan behera utzi du Europako Batasunaren lehen estrategia, hots, tasa hori mundu osoan indarrean jartzea. «Akordiorik ez bazegoen erabaki genuen G20ko bileraren ondoren zer egin aztertuko genuela, eta horretan ari gara», azaldu du Durao Barrosok.
Herenegun, Wolfgang Schauble Alemaniako Finantza ministroak jakinarazi zuen eragiketei tasa bat ezartzeko proposamena egingo diola hurrengo egunotan Bruselari, Christine Lagarde Frantziako Finantza ministroarekin batera.
Arazoa da nola uztartu dezakeen EBk bere eremuan eragiketak zergapetzea bere bankuei kanpoko lehiakideen aurrean kalte ez egitearekin. Gainera, EBk bere bankuei zerga berezi bat ezartzeko asmoei eusten die. Zerga horri buruzko aurreakordioa lortu dute 27 estatuek, baina ez dute zehaztu noiz eta nola jarri nahi duten indarrean. Zerga horrekin hainbat bankuk Europatik negozioak aterako dituztela ohartarazi dute haren aurkakoek.
CO2 isurketen gaineko zerga
Ez dira hor bukatzen EBk zergen aldetik dituen asmoak. Durao Barrosok atzo azaldu zuenez, CO2 isurketak zergapetzeko mekanismoa lantzen ari dira Europako Batzordea. Komisarioen arteko eztabaida zergaren aldeko mezuarekin bukatu dute. Herrialde batzuek dagoeneko ezartzen dituzte zerga batzuk eta Bruselaren asmoa da EB osorako proposamena egitea. «Energiari tasak ezartzen zaizkie eta begira ari egoera nola berdindu dezaksegun».
Finantza eragiketak zergapetzeko asmoari eusten dio Bruselak
Alemaniak eta Frantziak aurki aurkeztuko dute transakzioen gaineko tasaren proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu