Finantza krisia hasi zenetik, bankuek Frantziaren eta Espainiaren iazko barne produktu gordinabatera bezainbeste galdu dute, 4,1 bilioi dolar (3,1 bilioi euro). Hala kalkulatu du Nazioarteko Diru Funtsak, urrian eta urtarrilean egindako kalkuluak oso txiki geratu direla onartuta. Krisia bete-betean dagoela dio nazioarteko erakundeak, eta bankuen nazionalizazioa proposatu du.
Atzo aurkeztutako Finantzen Egonkortasunari buruzko Txostenean, NDFk kalkulatu du galera handienak AEBetako aktiboetan gertatu direla -2,7 bilioi dolar- eta gainontzekoa Japonian eta Europan. Galeren bi herenak bankuek izan dituzte, eta gainontzekoa aseguru konpainiek, pentsio eta hedge funtsek.
Kopurua handitu egingo dela onartu du NDFk, sub-prime hipotekak ez ezik, bankuen kontuetan dauden beste aktibo batzuk ere balioa galtzen ari direlako. Aktibo txarrak garbitzeko saioak epelak izan direla uste du NDFk, eta ahaleginak handitzeko eskatu die gobernuei. «Diru pribatua erakartzeko saioen porrotak erakusten du krisiak okerrera egin duela, eta gobernuek neurri ausartagoak hartu behar dituztela», ziurtatu du. Urrats horien artean bankuen gaineko kontrola hartzea aipatu du NDFk, erabateko nazionalizazioak barne.
Oso larri dabiltzan bankuak fusioen bitartez salbatzea edo erortzen uztea proposatu du NDFk, eta ontzat hartu du diru publikoa jaso duten erakundeek baldintza zorrotzak bete behar izatea, besteak beste, dibidendua mugatzeko edo buruzagien gainsariak gutxitzeko.
Nazioarteko erakundeak uste du kapitalizazio txikia dela banku sistemaren arazo nagusietako bat. Haren arabera, euroaren eremuko bankuek gutxienez 375.000 milioi dolarreko kapital handitzea behar dute, 250.000 milioikoa AEBetakoek. Horrekin bueltatuko lirateke krisiaren hasierako egoerara, hau da, zorpetzearen eta aktiboen arteko portzentajea %4koa izatera.
Orain arteko neurriak ontzat hartu ditu Dominique Strauss Kahnen taldeak, baina beldur da sektoreak behar duen kapitala herritarren presioagatik ez dela iritsiko. «Ezinbesteko borondate politikoa desagertzen ari da, herritarrak haserretzen ari direlako beraien diruarekin ustez egindako gehiegikeria oso publizitatu batzuekin. Benetako arriskua dago arazoa konpontzeko gobernuak behar beste diru jarri nahi ez izateko».
Neurriak hartuta ere, finantza erakundeen zorrak gutxitzeko prozesua «motela eta mingarria» izango da, eta ekonomiaren hazkundea atzeratu egingo du. Maileguek berriro gora egiteko urteak beharko direla uste du.
Gastu publikoa handitzea ezinbestekoa dela onartu du NDFk, baina gobernuei eskatu die «arreta handia» jar dezaten, epe erdira defizit eta zor publiko handiak pilatu ez ditzaten.
Herrialde emergenteei buruz ere kezkatuta dago NDF, krisiaren ondorioz inbertsiogileak dirua ateratzen ari direlako handik, eta dagoeneko 1,8 bilioi dolarreko kapital beharra ikusten du herrialde horietarako.
Finantza krisiak 4,1 bilioi dolarreko galerak ekarri dituela kalkulatu du NDFk
Neurri ausartagoak eskatu dizkie gobernuei; horien artean, bankuak nazionalizatzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu