FINANTZA PUBLIKOAK. Bruselaren azterketa gero eta estatu gutxiagok gainditzen dute

Erresuma Batua, Herbehereak, Frantzia eta Italia ohartarazi ditu Europako Batzordeak@:

ERREDAKZIOA
2004ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Europako Batasunean gero eta estatu kide gutxiagok gainditzen dute aurrekontu publikoen gaineko Bruselaren azterketa. Defizit publikoak Barne Produktu Gordinaren %3 ezin duela gainditu ezartzen du Egonkortasun Itunak eta atzo arau hori ez betetzeagatik ohartarazpena egin zien Europako Batzordeak Frantziari, Erresuma Batuari, Italiari eta Herbehereei.

Frantziako Gobernuak, kasu, 2003tik 2007ra bitarteko plan bat egituratua du eta bertan aurreikusten den defizitaren murrizketa «ez da nahikoa», Europako Batzordearen arabera. Pedro Solbes EBko Ekonomia eta Diru gaietarako komisarioaren arabera, 2005ean eta laugarren urtez jarraian, defizitak %3 gainditzeko «arriskua dago». Solbesek bere kontuak agertu zituen: antza, 2003ko behin betiko defizita %4koa izatea aurreikusi dute agintari ekonomiko frantziarrek eta datozen bi urteen buruan %1 apaltzeko helburua jarri dute, %3ra iristeko. Bruselaren arabera, ordea, 2003ko administrazio publikoaren defizita %4,2koa izateko «arrisku handia» dago eta, ondorioz, gobernuaren egitasmoak ez dira nahikoak izango %3ra heltzeko. Solbesek kritikatu zuen Frantziaren asmoek «anbizio falta» dutela. Frantziaren kasuan, gainera, ez da atzoko kontua. Bruselak hirugarren urtez gehiegizko defizita izateagatik prozedura bat ireki zion Frantziari (eta Alemaniari), baina EBko finantza ministroek, iskanbila handien erdian, eten egin zuten prozedura. Krisia piztu zen eta Batzordeak auzittara eraman zuen arazoa. Erresuma Batuak, bestetik, orain arte ituna bete eta aurrekontuak txukun izan ditu. Baina 2003-2004 urte fiskalean defizit publikoa «BPGaren %3,3ra» ailegatuko da, Bruselaren arabera. Solbesek epe luzera arrisku batzuk antzematen dizkio 2008-2009rako defizita %1,8ra jaisteko helburuari «ez baitu nahiko segurtasun-marjinik». Hala ere, Erresuma Batuak eurorik erabiltzen ez duenez, Egonkortasun arauak bete bai, baina ez du zigorrik jasotzeko arriskurikHerbehereei dagokionez, Pedro Solbes komisario espainiarrak uste du 2003an defizitak %3 gainditzeko arriskua dagoela, eta are gehiago oraindik 2004. urtean. Italiari dagokionez, Bruselak kritikatu du datozen lau urteetarako diseinatu duen planak ez duela sinesgarritasunik, hazkunde ekonomikoaren gaineko aurreikuspenak «baikorregiak» direlako. Ondorioz, Silvio Berlusconiren gobernuak jarritako helburuak ez betetzeko «arriskua» dagoela adierazi zuen atzo Solbesek.Alemaniarekin batera, Portugal da %3tik gorako defizita duen beste herrialde bat, nahiz eta atzo Europako Batzordeak ez zien errietarik egin. Portugalgo Gobernuak atzo onartu zuen iragan urtea atzeraldian amaitu zuela ekonomiak.

Interes tasak ukitu gabe

Azkenik, Erreserba Federala bi egunez bilduta egon eta gero, AEBetako interes tasak %1ean mantentzea ebatzi zuen atzo eta «epe luze batean» maila bereanmantenduko dituela ere aurreratu zuen. Esaldi horren atzean zer dagoen asmatzeko ahaleginari ekin zioten berehala adituek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.