Lehman Brothersek porrot egin eta urtebetera, finantza sektoreko eragile batzuek jokaera arduragabeei eta gehiegizko arriskuei eusten diete. Lehman Brothers erortzen utzi eta urtebetera, munduko gobernuek milaka milioi dolar eta euro utzi dizkiete finantza erakundeei, baina araudiak eta kontrol neurriak ez dira zorroztu finantza krisi berri bat saihesteko. Lehman Brothers finantza krisiaren sinbolo bihurtu eta urtebetera, atzo, Barack Obama AEBetako presidenteak kargu hartu zien finantza sistemako eragileei eta Kongresuko diputatuei. Sistemaren eta krisiaren bihotzean egin zuen, New Yorkeko Wall Streeten.
Funtsean, Obamak finantza sistemaren araudia zorroztu egin behar dela nabarmendu zuen. «Depresio Handitik egin nahi den finantza sistemaren errebisio handienari» oztoporik ez jartzeko eskatu zien finantza sistemako eragileei eta Kongresuari.
«Duela urtebete errealitate gordina ikusi genuen», esan zuen Obamak. «Merkatuek huts egin dezaketela, zentzurik ez duten neurriek gehiegikeriak eta bidegabekeriak eragin ditzaketela; eta amildegitik oso gertu egon gaitezkeela».
Baina urtebete pasa arren, finantza krisia eragin zuten ajeetako batzuek indarrean jarraitzen dute. «Finantza industriako eragile batzuk momentua gaizki ulertzen ari dira», esan zien Obamak Finance Hallen bildutako entzuleei. «Lehmanek eta krisiak utzitako lezioak ikasi beharrean, nahiago dute jaramonik ez egin, baina ez arriskuak beren gain hartuz, herrialdearen esku utziz baizik».
AEBetako presidenteak aurrean zituen exekutiboei eta diputatuei nabarmendu zien finantza sisteman beharrezko aldaketak egin behar direla beste krisi bat saihesteko. Kontrolatu egin nahi ditu finantza krisiaren jatorrian dauden finantza produktu nahasiak eta ilunak.
Baina Obamak proposatutako zenbait neurrik ez dute harrera ona izan ez finantza sistemako eragileen artean, ez kongresisten artean, ez eta Erreserba Federaleko edo Gobernuaren beste agentzia batzuetako arduradunen artean. Erreserba Federalari indar eta garrantzia gehiago emateko asmoak, esaterako. Edo kontsumitzaileak finantza produktuen aurrean babesteko sortu nahi duen agentziak.
Hala ere, Obamak finantza erakundeetako arduradunei eskatu zien has daitezela finantza sistema berreraikitzen, arauen aldaketen zain egon gabe.
Atzo bertan bankuek entzungor egin zioten Obamak esandakoari. Nazioarteko Finantza Institutuak (IIF) gutun bat bidali dio esanez ez dietela mugarik jarriko exekutiboen gainsariei. IIF prest dago sistemako baldintza batzuk aldatzeko, baina ez muga zurrunak jartzeko. IIF bankuen munduko elkarterik handiena da, eta 370 banku biltzen ditu.
Obamak atzo esan zuen egoera ekonomikoa hobetu dela, finantza sistema «normaltasunera itzultzen» ari dela, baina oraindik ere gobernuen laguntzak beharko direla sistema egonkortzeko. Dena den, AEBetako Altxorraren Departamentuak aurrekontuetatik kendu du 250.000 milioi dolarreko partida bat, bankuak erreskatatzeko jaso zuena. Sistemaren «egonkortasun zantzuak» ikusi ostean hartu du erabakia.
Finantza sektorean jokaera arriskutsuek jarraitzen dutela ohartarazi du Obamak
Beste krisi bat saihesteko araudi zorrotzagoa onartzeko eskatu dio finantza sektoreari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu