Ezohiko mugimendua ez da hor geratu. Handik gutxira, AEBetako Gobernuaren Altxor Departamenduak iragarri zuen funts programa osagarri bat sortzen ari dela, Fedek bere beharrak ase eta merkatuetara behar adina likidezia jaulkitzeko ahalmena izan dezan. Altxor departamenduak, hartara, billeteak salduko dizkio Fedi bere balantzea orekatu ahal izateko.
AIG 130 herrialdetan dago zabalduta, 116.000 langile ditu, eta egoitza New Yorken du. Adituen arabera, AIGren balizko kiebra batek Lehman Brothersen porrotak baino zehar kalte gehiago eragingo zituen finantza sisteman: «Tentakuluak negozio askotan barreiatuak ditu; hala nola hipoteketan, maileguetan, hedge fund-etan eta kontsumitzaileei, gidariei eta etxe jabeei eragin diezaieketen beste hamaika negoziotan», zioen atzo David Paterson New York estatuko gobernadoreak.
Zerk eraman du AIG egoera horretara? Atzo bertan 1967tik 2005era taldeko presidente izan zen Hank Greenbergek eman zuen erantzuna gutun batean: «Argi eta argi, arriskuaren gestio kontrolak desagertu edo ahuldu egin ziren. AIG hazkundearen mesedetan handitu da, errentagarritasunari erreparatu gabe, eta bere finantza produktuak neurri gabe hazi dira». Hutsak gero konpondu eta «ekintzarako unea» dela iritzita, beharrezkotzat jo du Feden erabakia, «Amerikaren hobebeharrez».
Erreserba Federalak arrazoitu duenaren arabera, AIGren balizko kiebra batek finantza merkatuak are gehiago ahultzeaz gain, «mailegatzeko kostuak nabarmen igo, sendien aberastasuna txikitu eta jarduera ekonomiko ahulagoa ekarriko luke». AEBetako Altxor Departamenduak «erabateko babesa» eman dio .
Galerak burtsan
Erreserba Federalak beto eskubidea izango du. Asmoa da AIGren negozio errentagarriak saltzea eta horrekin mailegua itzultzea. Haatik, Feden esku hartzeak ez du Wall Streeten urduritasuna gerarazi. Bloomberg agentziak merkatuetako adituen artean iritziak pilatu ditu, eta askok uste dute asmoa ez dela erraldoia salbatzea, kiebra jo aurretik hari lasaigarriak ematea baizik. Ixteko ordu bat falta zenean, %2,25 galtzen ari zen Dow Jones indizea. Eta are galera handiagoak pilatu dituzte geratzen diren bi inbertsio banku independenteek: %24,5 Morgan Stanleyk eta %22,3 Goldman Sachsek.
Goizean Europan burtsek erreakzio handiegirik izan ez bazuten ere, Wall Streeten erreakzioa ikusi ahala galera handiak pilatu zituzten. Bilbo-2000 indizeak %2,5 galdu zuen eta Ibex-35ek %2,29.
AIG, salbatu beharreko erraldoia
Zergatik salbatu dute AIG eta, aldiz, Lehman Brothers ez? Erreskate publikoen helburua, kalteak txikitzea da: diru publikoa gaur xahutu, aurrerago askoz handiagoak izan litezkeen kalteak eragozteko. AIGk partehartze handia du Credit Default Swap (CDS) merkatuan; haren porrotak, munduko banku gehienak kutsatuko zituzkeen, gehienei galerak eraginez.Zer da Credit Default Swap?
CDS bat finantza produktu eratorri bat da: bi aldeen (A eta B) arteko aseguru kontratu bat, hirugarren baten (C) porrotaren gainean. C erreferentzia hutsa da, ez du zerikusi zuzenik beste bien tratuarekin: Ak kopuru finko bat ordaintzen dio Bri urtero, Cren balizko porrotaz kapital bat babesteko. Ck porrot egiten badu (edo erreskatatua izatea gertatzen bazaio), Bk Ari ordaindu behar dio aseguratutako kapital guztia. Bren rolean dago AIG kontratu askotan. AIGren porrotak ustez bermatuak zituzten arriskuak eta galerak eragingo zizkien A rolean direnei.
Nolako merkatua da CDSena? OTC (Over the counter) edo antolatu gabeko merkatua da. Ez dago epaile, kontrolatzaile edo bitartekari ezagunik: eskatu ahala, kontratu pribatuak sinatzen dira A eta B aldeen artean, edozein Cren inguruan. Ez da merkatu erregulatua, eta, beraz, zaila da erakunde bakoitzak bertan duen arriskua zenbatu eta ezagutzea. Ezezagutza horrek porrot kate bat ere eragin dezake: Cren porrotaren ondorioz, Bk porrot egiten badu, Ak teorian aseguratua zuen dirua galdu eta berak ere porrot egin dezake; eta Aren porrotak, era berean, zuzeneko hartzekodun kaltetuez gain, beste CDS kontratu batzuetan galerak izatea eragin dezake.
Zergatik egin du porrot AIGk? AIGren filial edo negozio gehienak errentagarriak dira; modu independentean, inongo arazorik ez dutenak. Baina finantza sailak CDS ugari kontratatu zituen (310.000 milioi), besteak beste C edo erreferentzia gisa subprime hipotekek babestu zorraren gainean (41 mila milioi). Subprime-en berankortasuna handitzeak, ezusteko galerak eragin dizkio AIGri; horrek bere kaudimena kaltetu eta munduko aseguru etxe hori berme gisa zuten CDS guztien gaineko zalantza piztu da.
Nola dago egun CDSen merkatua? Oso garesti. Oso zaila (garestia) da inork, egungo egongaiztasun egoeran, C baten porrota ziurtatu nahi izatea. Inor ez da inorekin fio. Horrek epe luzeko zorra jaulkitzeko zailtasunak eragiten ditu (kapital merkatuak hautsita daude) eta hainbat finantza erakunde epe laburrean zor handia izatera behartzen ditu. Horrek euren likidezia arriskua handitzen du halabeharrez: edozein momentutan ordainketak egiteko ezintasuna eragin diezaieke. Halifax Bank of Scotland (HBOS) da horren adibide. Espainiako eta Euskal Herriko finantza erakundeek ere kapital merkatuak baliatu izan dituzte higiezinen burbuila finantzatu ahal izateko. Diru iturri hori agortua dago, ordea.