Erresuma Batua Europako Batasunetik (EB) ateratzeko erabakiari jarraituz, batasuna bera berrasmatzeko bide orria iragarri zuen Jean Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteak. Gaur, batasun ekonomikoan sakontzeko lehen proposamena onartu eta publiko egin du batzordeak.
Junckerren legealdia amaitu aurretik —hamazortzi hilabete dituzte horretarako— hartu beharreko erabakiak definitzen ditu proposamenak, eta lau multzo handitan bana daitezke: EDF Europako Diru Funtsaren sorrera, Europako Finantza eta Ekonomia ministro bat izendatzea, krisian hartutako akordioak EBko legedian sartzea, eta eurogunea egonkortzeko finantza tresna berriak abiatzea.
Ministro berriari funtzio bikoitza ematea proposatu du Bruselak. Gaur egun bezala, batzordeko presidenteorde kargua izango luke, baina horrekin batera eurotaldeko presidente ere izango litzateke. Gaur egun, bi pertsona ezberdinek dituzte kargu horiek, eta sarritan kritikatu zaio eurotaldeari ez duela behar bezalako loturarik EBko gainerako instituzioekin. Hurrengo batzordea izendatzen denerako, 2019. urtean, kargua izendatzea posible ikusten dute. Aurretik, bere funtzio zehatzak zeintzuk izango diren adostu beharko dute estatu kideek.
Europarako Diru Funtsa
Bigarren proposamen esanguratsuena EDFren sorrera litzateke. Gaur egun ESM erreskate funtsak dituen funtzioak bere gain hartuko lituzke, eta horren egiturari eutsiko lioke, baina horrekin batera beste zeregin batzuk izango lituzke. Nagusienak banku batasunarekin du zerikusia. Bankuen krisiei aurre egiteko diru funtsaren dirua agortuko balitz, azken kreditu emailea bihurtuko litzateke EDF. Banku erreskateen faktura herrialde bakoitzeko zergepekoen bizkarrera ez erortzea bilatuko luke horrek.
Gainera, herrialde bati finantza erreskate bat eginez gero, EDFk programa ikuskatzeko ardura izango luke, gaur egun NDF Nazioarteko Diru Funtsari eskaini ohi zaion zeregina. Bestelako finantzazio tresna batzuk funtsaren eskuetan uztea ere aztertuko dute.
Finantza tresna berri horiek zeintzuk izan daitezkeen ere aurreratu du Bruselak. Batetik, egonkortze funtzio bat izan dezake. Krisi bat pairatzen duten herrialdeei inbertsioetarako aurrekontua ez murrizten laguntzeko helburua izango luke egonkortze tresna horrek. Horrekin batera, konbergentzia errazteko finantzazio tresna bat eratu nahi dute euroarekin bat egin nahi duten herrialdeentzako. Egiturazko erreformak laguntzeko bitartekoak ere indarrean jarriko lirateke, azkenik.
Tresna berri horientzako finantzazioa Europako Batasuneko aurrekontutik aterako litzateke. Momentuz, bazterrean geratu da eurogunerako aurrekontu propioa martxan jartzeko ideia. EBko aurrekontua, gehienez ere, BPGaren %1 izan daiteke, baina, Bruselaren ustez, Erresuma Batua irteterakoan hori ez da aski izango, eta berrikusi beharko da 2020. urtetik aurrerako aurrekontu diseinuan.