FINANTZAK . Euskadiko Kutxak 77 milioi euro irabazi ditu

Urrira arteko emaitzak merkataritza jardueraren eta burtsaren garapen «onaren» ondorio dira

Erredakzioa
DONOSTIA
2003ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Iaz, burtsaren krisialdiak Euskadiko Kutxaren emaitzak baldintzatu zituen, eta 2001ean baino irabazi kaskarragoak izan zituen azkenean. Aurten, alderantziz gertatu da. Balio merkatuek «hobera egin dutenez», irailera arteko irabazi garbiak 76,9 milioi eurokoak dira: iaz epe berean baino %49,4 gehiago. Zerga aurreko emaitzak, berriz, iazkoak baino %53 handiagoak izan dira: 87,1 milioi eurokoak.

Dena den, aurrezki kutxak aurreratu zuen urtea amaitu bitartean hazkunde handi hori apaldu egingo dela. Arrazoia soila da: emaitzok iazko irailarekin alderatu dira, hain zuzen iaz burtsak hondoa jo zuen garaiarekin. «Beraz, uste dugu urteko hamabi hilabeteak sartutakoan txikitu egingo dela horren eragina».

Emaitzok merkataritza jardueraren ondorio ere badirela azpimarratu nahi izan zuen Euskadiko Kutxak. Merkataritzako jarduera «erritmo politean» hazten ari dela azaldu zuen. Adibidez, aurrezkia %8,5 hazi da. «Inbertsio funtsek eta Pentsio eta Aurreikuspen Planek ekarri dute aurrezkia». Horrez gain, hazkunde hori hobekuntza fiskalen nahiz Ongizate Aurrezkiak izaneko produktuak bezeroen artean izandako harrera onaren (%26,1 egin du gora) ondorio dela argudiatu zuen Euskadiko Kutxak.

Interes tasak inoiz baino apalago daude eta horrek etxebizitzaren eskariari eusten ei dio, oraingoz. Datu hori aurrezki kutxak banatutako mailegu kopuruan islatzen da. Hipoteka maileguen kopurua ez da jaisten arieta %24, 2 igo da urtarriletik irailera bitartean.

Gainerako maileguak ere hazi eta hazi ari dira, Euskadiko Kutxak emandako datuen arabera. Batetik, mailegu pertsonalek %12,3 egin dute gora, eta enpresenak, berriz, %10, «Euskadiko Kutxaren bezero diren enpresek inbertitzearen alde egiten jarraitzen duten ahaleginaren adierazgarri».

«Hazkunde horiei esker, oinarrizko marjina [bitartekaritza marjina eta eta komisioak biltzen dituena] %4,4 hazi da iaztik hona, nahiz eta marjinak geroz eta apalagoak diren interes tasak inoiz baino beherago daudelako», arrazoitu zuen.

Moody's-en kalifikazioa

Moody´s kalifikazio agentziaK Euskadiko Kutxari buruz egindako azken txostenaren arabera, finantza erakundeak errentagarritasuna «handia»da, kudeaketa estrategiko «egokia» eta aktiboen kalitate «handia» da ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.