Kredituetan egindako inbertsioa %16,4 handitu zuen Euskadiko Kutxak, eta bezeroen gordailuak %20,9. Kreditu inbertsioan, Etxeko Ekonomiara zuzendutakoak %18,5 handitu zituen eta enpresetarakoak %15. Oro har, alor pribatuan egindako kreditu inbertsioaren %76 hartu zuten hipoteka maileguek. Etxebizitzak sustatzen ere ahalegina egin du Euskadiko Kutxak, eta iaz entregaturiko etxebizitzak eta eraikitzen ari direnak batuta, 7.604 etxebizitza finantzatu ditu; babes ofizialekoak dira horien %36.
Lau urteetarako plan estrategikoa hazkunde bila
Datozen lau urteetarako plan estrategikoa ere prestatu du entitateak, eta etorkizunera begira, igarotako epealdian lortutako hazkundea azpimarratu zuen Juan Jose Arrieta zuzendari nagusiak. 2001-2004 aldian bikoiztu egin ditu Euskadiko Kutxak etxeko ekonomietarako finantzaketa saldoa (%207) eta enpresetarakoa (%221). Epe horretan, 479 milioi euroko mozkinak zerga aurretik pilatu ditu, interes tasek, espero ez bezala, beherantz egin arren. Bolumenean handitu izanak ahalbidetu du mozkinen bilakaera on hori, Arrietaren azalpenen arabera. Hori da hurrengo urteetarako hartu nahi duten bidea.
Datozen lau urteetan 703 milioi euroko mozkinak pilatzea aurreikusten du Euskadiko Kutxak bere plan estrategikoan, %47 gehiago. Negozioa %54 handitzea espero dute eta enpresa txiki eta ertainentzako kredituek garrantzi handiagoa hartzea, hipoteka mailegua %72 hazita moteldu egingo dela. Azken lau urteetan 63 bulego berri ere zabaldu ditu entitateak, horietatik 54 Euskal Herritik kanpora. 342 bulego ditu gaur egun kutxak, horietatik 245 Euskal Herrian. 2008rako bulegoen kopurua 405eraino igotzeko asmoa dute, eta handitze gehienak Euskal Herritik at egingo ditu. Hala ere, bulegoetakoez aparte, multikanalen bidez egindako operazio kopuruak handitzen jarraituko dute, orain arteko joera mantentzen bada. Duela lau urte ez zegoen halako baliabiderik eta orain, enpresa ertain eta txikien %70 da CLNeten bezero aktiboa eta operazioen %90 egiten dituzte haren bidez.
-MCC
10.380 milioiko salmentak
Mondragon Korporazio Kooperatiboaren iazko emaitza batzuk ere aurreratu zituzten Euskadiko Kutxako buruek. MCCk 10.380 milioi euroko salmentak lortu zituen iaz, %7,5 gehiago. 780 milioi euroko inbertsioa egin zuen, 2003an baino %8 txikiagoa eta, iaz, 3.656 lanpostu gehiago sortuta, 71.916 langilerekin itxi zuen urtea. Industrian, urteko azken bi hiruhilekoetan testuingurua hobeagoa dela esan zuen Otaegik eta 2005erako «pixka bat baikorragoak» direla MCCn.